Skip to main content

ASOCEX

2004/30 Jorge Oteiza Museoa Fundazioa

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2004/30 Jorge Oteiza Museoa Fundazioa ()

Nafarroako Comptos Ganberak Jorge Oteiza Museoa Fundazioari buruzko fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Lana Ezker Batua parlamentari taldeak eskatu zuen Parlamentuko Mahai eta Bozeramaleen Batzordearen bitartez. Eskaeran Ezker Batua taldeak fundazioaren kudeaketa aztertu eta jasotako diru publikoa nola gastatu den ezagutzeko beharra azpimarratzen zuen.

Txostenak dioenez, Jorge Oteizak bere obra ¿Nafarroako herriari¿ uzteko erabakia hartu eta 1992an notario baten aurrean hori jasotzen zuen akta sinatu zuen. Horretarako fundazioa sortu zen eta behin betiko estatutuak egiteko patronatu bat. Bertan Oteizak berak izendaturiko bi lagunez gain, Ikastolen Federazioko bi eta Nafarroako Gobernuko beste bi lagun aritu ziren. Lau urte geroago, fundaziokideen kopurua eta patronatukideen ordezkaritza ere aldatu zen.

1997ko ekainean Nafarroako Gobernuak museoa egiteari ekin zion. Hasierako aurrekontua 7,4 milioikoa izan zen eta bi urte eta erdiko epea finkatu zen obra lanak burutzeko. Ondoren Gobernuak eta Francisco Javier Saenz de Oiza arkitektoak museoaren eraikuntzarako kontratua sinatu zuten. Obra lanak 2003ko maiatzean amaitu ziren.

Comptos Ganberak txosten honek izan duen muga bat azpimarratzen du hasieratik: kontu falta. Izan ere, 1996tik 2001era arte Fundazioak ez zuen kontabilitaterik egin eta urteetako kontuak ere ez zituen onartu. Oteizaren obraren inbentarioa ere ez zen egin, ezta eskultur lanen gaineko baloraziorik ere.

Egia da Jorge Oteiza Fundazioa pribatua dela, baina kontuan hartzekoa da finantziazioa ia erabat publikoa duela eta Nafarroako kontuetan ere publikotzat agertzen da.

Comptos Ganberak gogor kritikatzen du Fundazioaren ekonomia kudeaketa. ¿Oso txarra¿ izan dela dio, kontabilitaterik ere ez baita egin. Utzikeria hori Fundazioaren beraren estatutuen aurkakoa da, bertako bi artikulutan aurrekontua urtero onartu eta dirusarrerak eta gastuak behar bezala jaso behar direla esaten baita.

Fundazioak, ordea, 2002 arte ez zuen konturik aurkeztu. Gainera 2003ko ordainketak egiterakoan Kultura Departamentuko teknikoek akatsak antzeman eta txosten bat eskatu zuten. Txostenak erakutsi zuen 50.000 euroko ordainketak bi aldiz pagatu zirela. Urteko auditoriak ez zuen iritzirik eman kontuetan ziren salbuespenak zirela eta.

Txostenak Nafarroako Gobernuak fundazioan gastatu duen dirutza zehazten du: 13 milioi euro 1993tik 2003ra. Zenbateko nagusiak honakoak dira: museoaren obra lanak (4,3 milioi), kanpoko urbanizazioa (2,1 milioi) eta etxebizitzaren obra lanak (milioi bat euro).

Museoaren obra lanei dagokienez, txostenak gogoratzen du 3,4 milioitan egin zela esleipena eta, gainera, kontratuaren arabera zenbatekoa aldatzerik ez zegoela. Lanak amaitzeko epea 2003ko maiatzean finkatu zen. Azkenean prezioa handiagoa izan zen eta baita epea ere. Hala ere ez dago aldaketa horiek azaltzen dituen txostenik. Txostenaren arabera, proiektuaren kalitate eskasak eragin zituen garestitzea eta atzerapena. Aipatzekoa da Gobernuko tekniko batek proiektuaren kalitatea txarra salatu zuela 1998ko barneko txosten batean.

Fundazioak eginiko lanaz eta lorturiko helburuez ere ezkor da txostena. Comptos Ganberak dio lan erritmoa eta helburuen betetzea oso motel doazela, eta horretan patronatuaren barne egoerak zer ikus handia dauka. Izan ere, zortzi kideak bi zatitan daude banaturik eta azken hilabeteetan presidentearen kalitatezko botuari esker onartzen dira ekimenak.

Txostenak azken urteotako polemikak eta salaketak gogoratzeaz gain, giro hori aldatu ezean erakunde bat behar bezala kudeatzerik ez dagoela azpimarratzen du.

Fundazioaren ekonomia egoera Nafarroako aurrekontuen menpe dagoela gogoratu ondoren, Comptos Ganberak dio ez fundazioak eta ezta Gobernuak ere ez dutela jarduera planik egin Oteizaren obra ezagutarazi eta fundazioaren gainerako helburuak lortzeko.

Laburbilduz: Fundazioak utzikeriz jokatu du aurrekontu eta kontu gaietan. Museoaren eraikuntzan gastaturikoa zehazterik ez dago, horri buruzko dokumentazio faltagatik. Honen aurrean, txostenak gomendio batzuk eskaintzen ditu. Batetik, fundazioak aurrekontu eta kontuen legedia bete egin behar dituela. Bestetik, Gobernuari zein fundazioari dei bat egiten die elkarlanean ekimen plan bat onar dezaten, helburuak finkatuz eta helburu horiek lortzeko finantziabideak ere zehaztuz. Halaber, Comptos Ganberaren aburuz, fundazioaren patronatuan gutxieneko akordioa lortu behar da, ¿bestela ezinezkoa baita eraginkortasunez jokatzea¿.

Oriotarraren lanaren balioa goraipatu ondoren, Comptos Ganberak lan horri etekina ateratzeko beharra nabarmentzen du. Txostenak dioenez, Oteiza Museoa kultur erreferentzi bihurtu behar da. Alde horretatik, zuzendari berriak eginiko plana abiapuntu ona izan daiteke Jorge Oteiza Fundazioaren helburuak betetzen hasteko.