Skip to main content

ASOCEX

2003/13 Nafarroako Administrazio Publikoek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2000 eta 2001ean sinaturiko hitzarmenei buruzko txostena

Argitalpen data

Nafarroako Comptos Ganberak administrazio publikoek NUPrekin sinaturiko hitzarmenei buruzko txostena kaleratu du. Txostena Parlamentuak eskatu zuen, CDN talde parlamentarioak eginiko proposamenaren ondorioz. Aipaturiko taldeak \"administrazioen arteko kolaborazio-hitzarmena kontratazioaren eta diru-laguntzen legediatik alde egiteko erabiltzen ari zen susmoa\" aipatu zuen.

Txostenaren hasieran administrazioen arteko harremanak bideratzeko moduak azaltzen dira: hitzarmenari dagokionez, administrazioen arteko kolaboraziorako erabiltzen da, beti ere lanaren xedea interes publikoa denean. Hitzarmenetan ez dira kontratazioaren oinarrizko irizpideak (konkurrentzia eta publizitatea) errespetatu behar.

Kontratua kontratazio legediak arautzen du. Kasu honetan ez dago kolaborazio-harremanik, baizik eta zerbitzu bat prezio jakin baten truke.

Azkenik, dirulaguntzaren bidez administrazioek gizartearen intereseko ekitaldiak bultzatzeko dirua ematen dute.

Txostenak dioenez, administrazio publikoen eta NUPren arteko harremanak \"ikerketa kontratu\"en bitartez bideratzen dira. Aipaturiko kontratuak Unibertsitateen Legearen 83. artikuluak eta unibertsitate bakoitzaren estatutuek arautzen dituzte. Ikerketa kontratuak unibertsitateak berak kudea ditzake, zuzenean edo fundazio baten bidez.

Comptos Ganberak emaniko datuen arabera, 2001ean eta 2002ko lehen bederatzi hilabeteetan NUPk 89 ikerketa kontratu sinatu zituen Nafarroako administrazioekin. Txostenaren arabera, guztietatik 5 besterik ez dira benetako hitzarmenak. Gainerakoak kontratuak (67) edo dirulaguntzak (17) dira, nahiz eta hitzarmentzat hartu.

Hitzarmena oker erabiltzeaz gain, NUPk ez du ikerketa proiektuak kudeatu eta kontrolatzeko arautegirik. Hau dela eta, azterturiko espedienteetan arau-hauste aunitz daude: proiektuen kostua ez da behar bezala justifikatzen, kobratutakoaren gaineko kontrola ere falta da, eta proiektuan sarturiko orduak ere ez dira behar bezala kontrolatzen.

Laburbilduz, Comptos Ganberaren iritziz nafar gizarteak ¿eta administrazio publikoek- unibertsitatearen ikerketa ahalmenaz baliatu behar dute. Dena den, oraingo egoera nahasia gainditu egin behar da.

Horretarako, txostenak honako gomendio hauek eskaintzen ditu: komunean dituzten konpetentzietan, elkar lana komenigarria baldin bada, kolaborazio-hitzarmena erabili behar da. Gainerakoetan, kontrataziora jo behar da \"konkurrentzia eta publizitatea errespetatuz\".

Azkenik, txostenak ikerketa kontratuak egoki kudeatu eta kontrolatzeko arautegia onartzeko beharra azpimarratzen du.