Skip to main content

ASOCEX

2004/12 Iruñeko Udala (2002)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2004/12 Iruñeko Udala (2002) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Iruñeko Udalaren 2002ko fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Txostenak honako gai hauek aztertzen ditu: aurrekontu egoera, ondare egoera, legezkotasuna eta finantza egoera. Aurreko urtean bezala, azterturiko espedienteen artean ez dago Gaztelu Plazako obreei buruzkoa, gaia auzitegietan dagoelako.

Txostenak dioenez, Iruñeko Udalak eta hare erakunde autonomoek (Hirigintza Gerentzia eta Haur Eskolak) 176,3 milioi euro gastatu eta 198,6 milioi bildu zituzten. Datu hauek 22 milioiko superabita adierazten badute ere, aurrekontu egokitzea egin ondoren behin betiko emaitza negatiboa da: 1,1 milioiko defizita.

Comptos Ganberak emaniko datuen arabera, langileria da Udalaren gastu nagusia: 63,6 milioi euro. Bigarren gastu nagusia inbertsioak dira: 20 milioi. Kasu honetan eginiko inbertsioen kopurua aurreikuspenetik oso urrun geratu da, %39 besterik ez baita egin.

Dirusarreretan ohiko transferentziek %33 egiten dute. Aipatzekoa da eraikuntzen gaineko zergak goiti egin duela nabarmen, 7,6 milioiraino helduz. Inbertsioen desjabetzengatiko dirusarrerak ere handiak izan dira: 37 milioi.

Finantza egoera aztertu ondoren, Comptos Ganberak dio Udalak 39,2 milioiko zor bizia duela eta urtea amaiturik 72 milioiko diruzaintzako gerakina izan zuela. Txostenak dioenez, azterturiko ekitaldian Udalak bidegarritasun plana bete egin zuen. Izan ere, ohiko dirusarrerak funtzionamendu gastuak, finantza zama eta inbertsioak finantzatzeko aski izan ziren.

Comptos Ganberak Udalaren aurrekontu kitapena aztertu du. Txostenak dioenez, ongi islatzen ditu urteko gastu eta dirusarrerak. Egoera balantzea ere, Udalaren finantza eta ondare egoeraren isla da. Eta legezkotasunari dagokionez, Udalak indarrean dagoen legedia bete egiten du.

Laburbilduz: Iruñeko Udalak ongi kudeatzen du aurrekontua ikuspegi administratibotik begiratuta. Txostenak inbertsioen beherakada azpimarratzeaz gain, ekonomia egoera balekoa dela adierazten du.

Txotenak udal kudeaketa hobetzen segitzeko aholku batzuk eskaintzen ditu. Horietako bat da aurrekontu ereduari dagokiona. Izan ere, Comptos Ganberaren iritziz Udalak aurrekontua egiterakoan helburu garbiak eta udal kudeaketaren emaitzak aztertzeko neurgailuak finkatu beharko lituzke. Halaber, kontu-hartzailetzaren lana zehazteko beharra azpimarratzen du. Azkenik, fundazioen kontuak Udalaren kontu orokorretan sartzeko aholkua ematen du.