Skip to main content

ASOCEX

2005/04 Tuterako Udala (2003)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2005/04 Tuterako Udala (2003) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Tuterako Udalaren fiskalizazio txostena argitaratu du. Txostenak honako gai hauek aztertzen ditu: aurrekontu-betetzea, ondare egoera, legezkotasuna eta udalaren finantza-egoera. Halaber, Comptos Ganberak aurreko txostenetan eginiko gomendioak zenbateraino bete diren aztertu du. Datu guztiak 2003koak dira.

Tuterako Udalak bi erakunde autonomo ditu: Uren Udal Batzordea eta Castel Ruiz Kultur etxea. Iazko gastuak (aipaturiko erakundeenak barne) 37,4 milioi eurokoak izan ziren eta dirusarrerak, berriz, 34,7 milioikoak.

Gastuetan nagusienak (12,5 milioi) 310 langileen soldatei dagozkie. Inbertsioek 11 milioi egin zuten eta ohiko ondasun eta zerbitzuen erosketetan antzeko kopurua gastatu zen.

Dirusarrerei dagokienez, ohiko transferentziek 10 milioi egin zuten, zuzeneko zergei esker 7,2 milioiko dirutza lortu zen eta tasa eta beste dirusarreren bidez 6 milioi bildu ziren.

Comptos Ganberak dioenez, 2003ko aurrekontu kitapenak ongi islatzen du iazko ekonomia jarduera. Egoera balantzeak ere, oro har, ongi islatzen du Udalaren ondare egoera, baina bada salbuespen bat: erretiroa hartu duten funtzionarioen pentsioak. Izan ere, Udalak ordaindu beharreko pentsio horiek sortuko duten gastua ez da kontuan hartu egoera balantzea egiterakoan.

Legezkotasunaren gaineko azterketak Kultur Etxearen aurreproiektuaren adjudikazioa aipatzen du, zuzenean profesional bati eman baitzaio, idazkariaren eta kontu-hartzailearen txostenak horren kontrakoak izan arren. Horrek erran nahi du obren proiektua eta lanen zuzendaritza ere profesional berari emanen zaizkiola. Bigarren kontratu hori hamarren bat milioi eurokoa izanen da.

Tuterako Udalaren ekonomia egoerari buruzko datu nagusiak hauek dira: 2003ko amaieran zorra 18 milioikoa zen eta ekitaldian beste 6 milioiko mailegua sinatu zen. Udalaren ekonomia memoriak berak dioenez, urtetik urtera aurrezki garbia gutxitzen ari da. Argi dago, beraz, Udala ez dela gai behar dituen finantza bideak lortzeko. Aipatzekoa da 2003ko dirusarrerak funtzionamendu gastuetan eta finantza zamari aurre eginez gastatu zirela. Hori ikusita, Comptos Ganberak uste du Udalak ezin duela zor gehiagorik hartu eta inbertsio handiak ere geldiarazi behar direla.

Txostenaren arabera Udalak finantza plana egin beharko luke. Planak gastuak gutxitzeko modua aztertu behar luke. Bestalde, udal zerbitzuen kostuen gaineko azterketa sakona ere proposatzen da. Eta, azkenik, Comptos Ganberaren ustez beharrezkoa da Udalak zerbitzu edo inbertsio berriak martxan jarri aurretik horren gaineko azterketa sakonak egitea, batez ere finantzabideak zehazteko.

Txostenak inbertsioen gaineko kontrol zorrotzagoa ere eskatzen du, batez ere lanak amaitu beharreko epeei dagokienez. Eta azkenik, erakunde autonomoetan barne kontrola hobetzeko beharra aipatzen du. Kontrol hori udal kontu-hartzailetzak berak egin behar luke.