Skip to main content

ASOCEX

2005/07 Atarrabiako Udala (2003)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2005/07 Atarrabiako Udala (2003) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Atarrabiako Udalaren 2003ko fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Atarrabiak 10.030 biztanle ditu eta Udalak erakunde autonomo bat sortu du: Kirol Patronatua. Txostenak honako gai hauek aztertzen ditu: aurrekontu kitapena, ondare egoera, legezkotasuna eta finantza egoera.

Txostenak dioenez, Atarrabiako Udalak 7,1 milioi euro gastatu eta zazpi milioi bildu zituen 2003ko ekitaldian. Datu horietan ez daude Kirol Patronatuarenak, erakunde honek kontuak itxi gabe baitzituen Comptos Ganberak fiskalizazioa amaitu zuenean.

Dirusarreretan bi nabarmen daitezke: ohiko transferentziak (3,2 milioi) eta zuzeneko zergak (2,1 milioi). Gastuetan langileriarenak dira garrantzitusenak, guztien eredia direlako: 3,4 milioi. Ohiko ondasun eta zerbitzuetan 1,4 milioi gastatu ziren eta inbertsioetan 1,2 milioi.

Txostenak aurrekontu kitapena aztertuta hauxe dio: ongi islatzen dituela urteko ekonomia jarduera eta baita 2003ko abenduaren 31ko aurrekontu egoera ere.

Egoera balantzeari buruzko iritzia ere, oro har, aldekoa da. Dena den, salbuespen bat aipatzen da, ondasun zerrenda gaurkotu gabe baitago.

Legezkotasunari dagokionez, atarrabiako Udalak indarrean dagoen legedia bete egiten du.

2003ko ekitaldia amaiturik, Atarrabiako Udalak 170.000 euroko superabita zuen. Epe luzerako zorra 2,9 milioikoa zen. Fiskalizaturiko urtean beste mailegu bat eta kreditu bat eskatu ziren (1,7 milioi guztira) inbertsio batzuei aurre egiteko, batez ere igerileku estaliaren obrei. Dena den, Atarrabiako Udalaren zor maila ez da kezkatzeko modukoa, %4,8 baita.

Comptos Ganberak dioenez, urteko dirusarrerak batzuk ez ohikoak izan ziren. Izan ere, Ekonomia jardueraren gaineko zergaren atalean bi urteko dirusarrerak zenbatu ziren eta, bestalde, eraikuntzagatik jasotakoa ere ohi baino handiagoa izan zen. Herrian eraiki beharreko gehiena egina dagoela kontuan hartuz, argi dago horri loturiko dirusarrerak murriztu eginen direla datozen urteetan. Horregatik, etorkizuneko inbertsioak finkatzerakoan Comptos Ganberak dirusarreren murruzketa kontun hartzea eskatzen du.

Laburbilduz: Atarrabiako Udalak ongi kudeatzen du aurrekontua, baina badira hobetu beharreko gai batzuk. Horien artean, udal arautegia egin beharra aipatzen da. Arautegiak udal organoen zereginak eta Udalaren eta erakunde autonomoen arteko harremanak finakatu behar lituzke. Bestalde, Comptos Ganberak udal zerbitzuak, inbertsioak eta finantzaketa moduak finkatuko dituen bidegarritasun azterketak eskatzen ditu. Azkenik, txostenak diruzaintza arloan barne kontrola indartu egin behar dela dio.