Skip to main content

ASOCEX

2011/12 Nafarroako Bardeako Komunitatea (2009)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2011/12 Nafarroako Bardeako Komunitatea (2009) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Bardeako Komunitateari buruzko txostena kaleratu du, Ezker Batuak Parlamentuan eginiko eskaerari erantzunez. Aipaturiko taldeak azken bost urteotako kontuen fiskalizazioa eskatu bazuen ere, txostenak 2009koak aztertu ditu. Hala ere, kudeaketaren arlo nagusiak aztertzerakoan aurreko urteetako datuak ere kontuan hartu ditu.

Txostenak dioenez, Bardeako Komunitatea 21 udalerrik eta La Olivako monasterioak osaturiko toki erakundea da. Haren helburua Bardeako 42.000 hektareak kudeatzea da. Erriberako eremua Nafarroako errege-erreginena zen, baina erreinua desagertu ondoren Espainiak hartu zuen Bardearen jabetza. 2008an Estatuak jabetza Nafarroaren esku uztea erabakia zuen. Aipatzekoa da 1951etik Espainiako armadak Bardeako zati bat alokaturik daukala, bertan entrenamendu eta tiro-ariketak egiteko.

Bardea balio handiko eremua, bai landaretza eta baita bertan bizi diren animaliengatik ere. Azken urteotan, zona babesteko neurri batzuk hartu dira: parke naturalaren izendapena, Red Natura 2000n sartu da eta UNESCOk biosferaren erreserba izendapena aitortu dio.

Barneko antolamenduari dagokionez, Batzar Nagusia eremua erabiltzeko eskubidea duten erakunde guztietako ordezkariek osatzen dute. Batzorde iraunkorra Batzar Nagusiak izendaturiko zazpi mahaikidek osatzen dute. Bardeako Komunitateak presidentea ere badu, baina haren zereginak zehaztu gabe daude komunitatearen arautegian.

Comptos Ganberak dioenez, 2009an Bardeako Komunitateak 8,7 milioi gastatu zituen. Diru-sarrerak, berriz, 10,3 milioikoak izan ziren.Gastuen erdiak Bardeako Komunitatea osatzen dutenendako transferentziak izan ziren. %21 erakundeak dituen maileguei aurre egiteko erabili zen.

Diru-sarrera nagusia Espainiako Defentsa Ministerioak ordainduriko alokairuaren errenta da. 2005-2009 epean Bardeako Komunitateak 22,2 milioiko dirutza jaso zuen Espainiako Gobernutik, eremuko zati bat armadari uztearen truke. Dirutza horretatik, 13,4 milioi komunitateko kidei eman zitzaien, eta gainerako toki erakundearen gastuak ordaintzeko erabili zen.

Aipatzekoa da Bardeako Komunitateak eta Defentsa Ministerioak alokairu-kontratu berria sinatu zutela 2008an. Horren arabera, Bardeako Komunitateak 7 milioi euro jasoko ditu urtero datozen 10 urteotan, eta 14 milioi hurrengoetan. Zenbatekoak prezioen indizea kontuan hartuz gaurkotuko dira.

Comptos Ganberak dioenez, Bardeako Komunitateko kontuek ongi islatzen dituzte diru-sarrera, gastuak eta ondare egoera. Erakundearen finantza-jarduera indarrean dagoen legediaren arabera egiten da.

Bardeako Komunitatearen finantza egoera ona da. Alde batetik, aurrekontu emaitza positiboa da eta, gainera, 11 milioiko diruzaintzako gerakina dauka. Epe luzerako zorra 18 milioikoa bada ere, eguzki-baratzea finantzatzeko erabili da, eta inbertsioari esker salduriko energiak 2,2 milioi eman zituen 2009an.

Toki erakundearen kudeaketa hobetzen joan da azken urteotan, eta finantza egoera ere hobea da, egonkorragoa. Batetik, Defentsa Ministerioarekin sinaturiko kontratua epe luzeagokoa delako eta baita bestelako diru-iturriak bilatu direlako, batez ere turismoa eta energia berriei loturikoak.