Skip to main content

ASOCEX

2016/01 Pablo Sarasate Fundazioaren eta Santa Cecilia Elkartearen arteko harremanak

Argitalpen data
Kontuen Ganberak Pablo Sarasate Fundazioaren eta Santa Cecilia Elkartearen arteko harremanei buruzko txostena argitaratu du. Txostena Nafarroako Gobernuak eskatu zuen, Parlamentuko bozeramaile Batzordearen bidez.

Santa Cecilia Elkartea 1879an sortua da, musika bultzatzeko. Bazkide zerrendarik ere ez du eta, beraz, Iruñea eta Tuterako kontzertuetara joaten direnak hartzen dira erreferentziatzat: 1.700 lagun.

1997an Nafarroako Gobernuak eta aipaturiko elkarteak Pablo Sarasate Fundazioa sortu zuten. Fundazio pribatuak izanagatik, finantzabide publikoa du. Patronatuan Gobernuko eta elkarteko hiruna kidea daude, musika arloko bi ordezkari eta Iruñeko Udaleko beste bat.

Txostenak dioenez, 2011tik 2015era Nafarroako Gobernuak 16 milioiko diru-laguntza eman zion fundazioari. Gobernuak kultur sormenari emaniko diru-laguntzen ehuneko 34 da.

Fundazioak 73 langile ditu: zuzendari artistikoa eta 51 musikari, 11 administrazio lanetan diharduenak eta beste hamar haurrendako musika proiektuetan eta orkestra akademian ari direnak. (Horiek lanaldi murriztuan ari dira.)

Orkestrak hamalau kontzertu ematen ditu Iruñean (bakoitza bitan) eta bost Tuteran. Kanpora ere ateratzen da, horretarako aukera dagoenean; beste musika talde batzuekin ere aritzen da, hala nola Iruñeko Orfeoiarekin eta Operaren lagunekin; grabazioak ere egiten ditu eta, azkenik, irakaskuntzari loturiko ekimenetan parte hartzen du.

Elkarteak ez du diru-mugimendu handirik, eta ezta langilerik ere. Fundazioak, berriz, lau bost bat milioiko diru-sarrerak izan ditu, bataz beste, azken urteotan. Diru-sarreren %68 Nafarroako Gobernuaren bidez heldu dira. Gainerakoa erakunde eta enpresen laguntza eta sarreren salmentari esker lortzen da.

Txostenaren konklusio nagusienetakoa da bi erakunde diferente izangatik ere, kudeaketa guztiz nahasia izan dela eta, gainera, ez dagoela bien arteko harremanak arautzen dituen hitzarmenik.

Kudeaketa modu nahasi horrek posible egin ditu atzemandako irregulartasunak, batez ere azpimarragarrienak: sarrerak kobratzen zituen Santa Cecilia Elkarteak ez duela jasotako guztia fundazioaren esku utzi, eta fundazioak kobratu beharreko faktura batzuk elkarteak kobratu dituela.

Guztira, fundazioak jaso ez duen zenbatekoa 454.000 euro da. Horretatik, 129.000 euro UNICEF erakundeari eman zion. Txostenak "diru-mugimendu arraro"tzat jotzen du ordainketa. 92.000 euro zuzendari-kudeatzaileak jaso zituen, Gobernuak haren soldata jaitsarazi eta gero. Santa Cecilia Elkarteko kideek diotenez, soldataren murrizketaren berri jaso eta kudeatzaileak postua utziko zuela esan zuen. Hori saihesteko, diru hori ordaindu zitzaion, PFZEren kenketarik gabeko fakturen bidez.

Hau guztia ikusita, Kontuen Ganberak orkestraren etorkizuna argitzeko eskatzen du. Hori Gobernuari dagokion erabakia bada ere, txostenak argibideren bat ematen du: erakunde bakar bat ardura dadila orkestraz eta gastua bere gain hartzen duenak diru-sarreren kargu ere egin dadila.

Kontuen Ganberak, azkenik, Gobernuak dituen aukerak aipatzen ditu: fundazioa edo elkartea bihurtzea orkestraren arduradun, eta bestea desager dadila; biak desager daitezela, eta beste bat sor dadila orkestraz arduratzeko; profesionalek kooperatiba bat sor dezatela orkestra kudeatzeko; orkestra bertan behera utzi, eta ingurukoekin hitzarmenak egin daitezela kontzertuak eskaintzeko; eta, azkenik, Gobernuak orkestra bere gain hartu eta departamentu bat ardura dadila kudeaketaz.