Skip to main content

ASOCEX

2014/40 Eguesibarko Udala, 2013

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2014/40 Eguesibarko Udala, 2013 ()
Nafarroako Kontuen Ganberak Egues Ibarreko Udalaren 2013ko fiskalizazio txostena argitaratu du. Txostenak aurrekontu-kitapena, legezkotasuna, finantza-egoera eta azken urteotako gomendioen jarraipena aztertu ditu.

Egues Ibarreko udalak hamar kontzeju ditu eta beste zortzi leku eta jaurerri. Azken urteotan, Egues Ibarreko biztanleria nabarmen handitu da. 2006koa halako hiru da gaur egun. Eguesek orain 18.400 biztanle ditu, gehienak Sarrigurenen eta Gorraitzen.

Udalak 2004an Andacelay enpresa publikoa sortu zuen, hirigintza bultzatzeko asmoz. Udal enpresak, kide pribatu batekin, beste bi sortu zituen. Kontuen Ganberak sozietate publikoen kudeaketak txosten bat egin du aurten. Bertan era askotako irregulartasunak salatu ziren. Gaia epaitegietan dago.

Iazko kontuei dagokienez, gastuak 9,2 milioi izan ziren eta diru-sarrerak 9,5 milioi. Gastu nagusiak langileria eta ohiko gastu eta zerbitzuen erosketa dira. Langilerian 4,4 milioi gastatu ziren eta ohiko gastuetan 3,7 milioi. Ohiko transferentziek 700.000 euro egin zuten, eta inbertsioen gastu oso murritza izan zen: 300.000 euro.

Aurreko urteko datuekin alderatuz, gastuak ehuneko 7 handitu ziren eta diru-sarrerak, berriz, ehuneko 22. Gastuen igoera langileriarenak eragin zuen. Diru-sarrerenak, berriz, zuzeneko zergek eta ohiko transferentziek.

Kontu orokorraz iritzia ematean, Kontuen Ganberak hirigintzaren arazoak aipatzen ditu, epaitegietan dauden auziek ondorio ekonomikoak eragin ditzaketelako.

Txostenak dioenez, Udalak indarrean dagoen legedia bete egin zuen iazko finantza-jardueran. Nolanahi ere, salbuespen bat aipatzen da: Udalak kide pribatuarekin sortu zuen enpresaren kontuak ez direla onartu.

Egues Ibarreko udalaren finantza egoera ona da. Azken urteotako etxegintzak dirua utzi du udaletxean, eta horrek arnasa eman dio. Udala, dena den, krisiaren eragina sumatzen hasia zen eta ohiko gastuak ez ziren aski ohiko gastuei aurre egiteko. Iaz, ordea, egoerak hobera egin zuen, diru-sarrerak nabarmen handitu zirelako. Horri esker, aurrekontu emaitza positiboa izan zen eta diruzaintzako gerakina ere lortu zen.

Kontuen Ganberak gomendio batzuk eman dizkio udalari, kudeaketa hobetzen segitzeko. Horien artean, azterketa bat egin dezala biztanleriaren igoerak sortuko dituen ohiko gastuen inguruan.