Skip to main content

ASOCEX

2015/07 Osasunbideak 2008tik 2014ra eginiko inbertsioen kudeaketa

Argitalpen data
Nafarroako Kontuen Ganberak Osasunbideak 2008tik egin dituen inbertsioak aztertu ditu kaleratu berri duen txosten batean. Inbertsio gehienak Navarra 2012 izeneko egitasmoan zeuden sarturik.

Aipaturiko planak Osasunbideak egin beharreko 209 milioiko inbertsioa aurreikusi zuen. Horien artean zeuden Nafarroako Ospitaleko larrialdi eraikin berria, C pabiloia, ikerketa zentroa, Bideko Ama ospitaleko haurrendako larrialdi zerbitzu berria, Ubarmingo eta Tuterako kirurgia-zona berriak eta bi osasun-etxeren eraikuntza, Buztintxurin eta San Adrianen.

Txostenak dioenez, 2008-2014 epean Osasunbideak 238 milioiko inbertsioa egin du. Inbertsio handiena eraikinetan egin da : 165 milioi. Osasun-ekipamenduan 34 milioi gastatu dira, eta altzarietan, 12 milioi.

Inbertsio gehienen esleipen-prezioa aurrekontua baino merkeagoa izan da. Jaitsiera ehuneko 20tik 30era artekoa da. Behin betiko kostuaren eta esleipen-prezioaren arteko tartea txikia da, ehuneko 10tik beherakoa kasu gehienetan.

Jakina denez, 2010ean Osasunbideak Iruñeko ospitaleak batzea erabaki zuen. Horrek aurreikusita zeuden proiektu batzuk aldarazi zituen. Nabarmentzekoa da, alde horretatik, Nafarroako Ospitaleko eta Bideko Ama ospitaleko larrialdi zerbitzuen bateratzea. Horrek sei miliotan handitu zuen larrialdi zerbitzu berriaren eraikina. Arrazoi beragatik, bertan behera gelditu zen Bideko Ama ospitalean egitekoa zen laborategia.

Txostenak dioenez, inbertsio batzuen ekipamendua ez da egin eta, beraz, martxan jarri gabe daude. Horixe gertatzen da Nafarroako Ospitaleko C pabilioiarekin, eta Bideko Ama eta Tuterako kirurgia-zonekin. Azken biek 17 eta 10 milioiko gastua eragin dute, hurrenez hurren. Laborategiei dagokienez, ikerketa biomedikoaren zentroan kokatu dira. Nafarroako Ospitalean 2009an egin zen dialisi-aretoa ere ez da martxan jarri.

Kontuen Ganberak inbertsio guztiak aztertu ditu, eta txostenak bakoitzaren azterketa dakar. Osasunbideak inbertsioetan eginiko ahalegina onartzen du. Aurreko eraikin eta osasun-zerbitzuak hobetu egin dira, hobekuntza teknikoak ere azpimarragarriak dira. Dena den, azterketa egin ondotik, Kontuen Ganberak uste du inbertsioen plangintza egokiagoa egin zitekeela. Azken finean, helburua da inbertsioak finkaturik epean amaitzea, ahalik eta azkarren martxan jartzeko. Bada, horretarako inbertsio asko aldi berean abiatu beharrean hobe da bata bestearen atzean egitea, alegia, bat amaitu eta martxan jarri ondorebn hurrengoarekin hastea.