Skip to main content

ASOCEX

2014/10 Noaingo Udala (2012)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2014/10 Noaingo Udala (2012) ()
Kontuen Ganberak, PSN talde parlamentarioaren eskariari erantzunez, Noaingo Udalaren kontuak fiskalizatu ditu. Txostenak honakoa aztertu du: 2012ko kontu orokorra, legezkotasuna, finantza egoera eta aurreko txostenetan eginiko gomendioen jarraipena.

Noaingo Udala hamaika kontzeju eta lekuk osatzen dute. Guztira, 7.500 biztanle ditu eta %85 Noainen bertan bizi da. Udalak hiru erakunde autonomo ditu: Kirol, Kultura eta Musika Patronatuak, hain zuzen.

Aipatzekoa da Noaingo Udalak zerbitzuen kostuen gaineko plan bat egin duela, aitzindaria Nafarroan. Udalarekin elkar lanean aritu dira horretan Nafarroako Gobernua, Udal eta Kontzejuen Federazioa, Animsa enpresa publikoa eta Kontuen Ganbera. Proiektua iaz amaitu zen, eta orain horri loturiko sistema informatikoa martxan jartzea falta da.

Noaingo Udalak 7,4 milioi gastatu zituen duela bi urte. Diru-sarrerak, berriz, 7,2 milioikoak izan ziren. Ohiko ondasun eta zerbitzuen multzoa da gastu nagusia: 3 milioi. Langileria dago ondoren, 2,6 milioirekin eta inbertsioak hirugarren postuan, milioi batekin.

Diru-sarrerei dagokienez, zuzeneko zergen bidez 3,4 milioi lortu ziren, ohiko transferentzien bitartez bi milioi eta beste milioi bat tasa eta prezio publikoei esker.

Udalaren kontu orokorrak, oro har, ongi islatzen ditu aurrekontu kitapena, gastu, diru-sarrera eta ondare egoera. Dena den, salbuespen batzuk aipatzen dira: udalaren eta haren erakunde autonomoen informazio bateraturik ez dago, aurrekontu kitapenaren laburpena besterik ez baita egiten. Kontabilitatearen saldoen gaineko azterketarik ere ez da egiten. Eta, azkenik, ondasun zerrenda gaurkotu gabe dago.

Legezkotasunari dagokionez, salbuespena langilerian dago: soldata eta behin-behineko langileriaren aukeraketan batzuetan ez da legedia betetzen.

Kontuen Ganberak dioenez, Noaingo Udalak gastu zein diru-sarrerak gutxitu zituen 2012an, %7 eta %6, hurrenez hurren. Inbertsioen jaitsieraren ondorioa izan zen hori, gastua ez ezik inbertsioei loturiko diru-sarrerak ere txikiagoak izan zirelako.

Noaingo Udalaren epe luzerako zorra 3,7 milioikoa da. Aurreko urtekoarekin alderatuz, zerbait jaitsi da.

Kontuen Ganberak azpimarratzen duenez, Noaingo hirigintza garapena oso handia izan da azken urteotan. Biztanleria handitzeaz gain, horrek inbertsio plana eskatu du, azpiegitura eta ekipamenduak behar berrietara egokitzeko. Aipatzekoa da udalak 16 milioiko inbertsioak egin dituela azken zortzi urteotan.

Diru-sarrerak ere ekarri dituen hirigintza plana amaitua dago eta, bestalde, krisiak badu eraginik udalaren gainerako diru-sarreretan. Hori dela-eta, Kontuen Ganberak ohiko gastuei eutsi eta sarrerak handitzeko ahalegina egin dezala eskatu dio udalari.

Bestalde, langileriaren kudeaketa hobetu beharra dago, langile bakoitzaren zereginak eta ardurak idatzita utziz. Halaber, hirigintza kudeatzeko oinarrizko prozedurak finkatu behar dira. Azkenik, ondasun-zerrenda gaurkotu eta kirol eta kultura patronatuak udal zerbitzu bihurtzeko eskatzen zaio udalari.