Skip to main content

ASOCEX

2015/01 Uharteko Udala (2013)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2015/01 Uharteko Udala (2013) ()
Kontuen Ganberak Uharteko udalari buruzko txostena kaleratu du. Honakoak dira aztergaiak: 2013ko kontuak, finantza egoera eta azken txostenetan eginiko gomendioen jarraipena aztertu da. Txostena Parlamentuak eskatu zuen, PSN taldeak aurkezturiko eskaeraren ondorioz.

Uharteko Udalak bi patronatu ditu –Kirol eta Kultura Patronatuak-, hirigintza bultzatzeko sozietate bat –Areacea- eta arte garaikidearen museoa kudeatzen duen fundazioa. Aipatzekoa da udalak hirigintza sozietatea deusezteko prozesua hasi duela.

2013an, Udalak 8 milioi gastatu eta beste horrenbeste Bildu zuen. Areacea sozietateak 1,3 milioi gastatu eta milioi erdia bildu zuen. Arte Garaikidearen fundazioaren diru-sarrera 480.000 eurokoa izan zen, eta gastuak 400.000 eurokoak.

Udalaren gastu nagusiak ohiko ondasun eta zerbitzuak dira: 3 milioi. Langilerian 2 milioi gastatu zuen eta finantza aktiboetan 1,3 milioi. Diru-sarrerei dagokienez, zuzeneko zergen bitartez 3 milioi bildu zuen; ohiko transferentziekin 2 milioi, eta prezio publikoei esker 1,3 milioi.

Uharteko Udalak ez du epe luzeko zorrik, eta badu milioi bat euro diruzaintzan, gastu orokorretarako erabilgarriak.

Areacea sozietatearen egoera, ordea, oso kezkagarria da. 11,5 milioiko zorra dauka, laurdena epe motzean ordaindu beharrekoa. Gastuei aurre egiteko ahalmenik ez duenez, udalak jarri behar izaten du dirua ataka horietatik ateratzeko.

Udal sozietatearen zorraren zati nagusia bi inbertsioren ondorioa da: Izotz pista eta bainuetxea, eta arte garaikidearen zentroa. Lehenbizikoa 9,2 milioiko inbertsioa izan zen, eta bigarrena 8,2 milioikoa. Bi inbertsioei aurre egiteko, sozietateak 2006an 10 milioiko mailegua eskatu zuen.

Laburbilduz: Uharteko Udalaren finantza egoera ona da, baina udal sozietatearena oso larria, hainbat arrazoirengatik: hirigintzak behera egin du nabarmen, inbertsio oso handiak egin ditu, zor handia pilatu du eta inbertsio horien errentagarritasuna oso eskasa da. Horrek arazo larriak eragin ditu gastuei aurre egiteko eta horrek udalean dauka eragina.

Txostenak dioenez, Arte Garaikidearen etorkizuna bera ere kolokan dago. Gobernuaren laguntzak baldintzatzen duenez, krisi garai honetan ez du batere etorkizun errazik.

Kontuen Ganberaren ustez, Udalak sozietate eta fundazioaren finantziabide eta iraupena bera ere aztertu behar ditu, udalaren bidegarritasuna bermatzeko. Eta oraingo atakatik ateratzeko bi aukera proposatzen ditu: maileguak bernegoziatzea, batetik; enpresa batek erosteko asmoa duen lur-sail batzuen salerosketa aurreratzea ere soluzio ona izan liteke, neurri handi batean arazoa konponduko lukeelako.