Skip to main content

ASOCEX

2016/03 Iberdrolaren akzioen salerosketaren emaitzari buruzko txostena (2005-2014)

Argitalpen data
Nafarroako Kontuen Ganberak Iberdrolaren akzioen salerosketaren emaitza aztertu du gaur kaleraturiko txosten batean.

Jakina denez, Sodena sozietate publikoak, 2005eko otsailean, Iberdrolaren 9 milioi akzio erosi zituen 173 milioiren truke. Erabakia Gobernuak hartu zuen, inbertsioa estrategikoa zela argudiatuz.

Erosketa Sodenak berak finantzatu zuen, CEHN enpresaren salmentatik harturiko dirua erabiliz.

Handik bederatzi urtera, 2014ko apiriletik urrira bitartean, Sodenak akzioa guztiak saldu zituen 154 milioitan. Akzioen bataz besteko prezioa 5,35 euro izan zen. Erostean, berriz, 7,33 euro ordaindu zuen.

Salmentan lorturiko diruaren %80 Sodenaren zorra kitatzeko erabili zen. Gainerakoa, berriz, TME 2001 Corpcan enpresa akziodunari eman zitzaion, Sodenan akzio kopuruen jaitsiera ordaintzeko.

Kontuen Ganberak gogoratzen duenez, 2007ko txosten batean esana zuen akzioen erosketa ez ohikoa zela Sodenaren inbertsio estrategian. Helburu estrategikoak azterketa ekonomikoetan oinarritu behar direla azpimarratu zuen orduan Kontuen Ganberak. Aipagarria da, alde horretatik, inork ez duela zehaztu zer helburu estrategiko bete nahi ziren Iberdrolaren akzioen erosketarekin.

Txostenak dioenez, akzioen urteko errentagarritasuna %1,04 izan da. Hori ez da aski izan inbertsioan gastaturikoa berreskuratzeko. Are gehiago: inbertsioak 19,6 milioiko galera ekarri du.

Hau dena ikusita, Kontuen Ganberak gomendio bat nabarmentzen du: diru publikoa errentagarritasun sozial edo ekonomikoa duten helburuetara bideratu behar dela, enpresa proiektu estrategikoetara Sodenaren kasuan, hori baita bere helburu nagusia.