Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2018/06 Osasunbideko aldi baterako pertsonalaren kontratazioa (2016-2017) ()Azken bost urteotako datuak ikustea aski da Osasunbidearen kontratazio maila handiaz ohartzeko: urtero 40.000 kontratu baino gehiago zeuden. Kopuru handiena 2015ekoa da: 50.000 baino gehiago. Kopurua 37.200raino jaitsi zen iaz, kontratuen bataz besteko iraupena handitu zelako.
Kontuen Ganberak 2016ko kontratuak zehatz-mehatz aztertu ditu. 42.000 izan ziren, horien erdiak egun bakarrekoak edo bi egunekoak. Badira, hala ere, iraupen handikoak: 1.500 kontratu hiru urtetik gorakoak izan ziren, eta 103k hamar urteko muga gainditu zuten. Txostenak dioenez, horietatik erdiak hutsik zeuden lanpostuak betetzen ari ziren eta, beraz, hiru urteren buruan eskaintza publikora atera behar ziren.
Osasunbideak egiten dituen kontratu gehienen arrazoiak bi dira: oporretan edo baja harturik dauden profesionalen ordezkoak hartzea. Iaz eginiko 37.200 kontratuetatik 27.000 oporretan zeuden profesionalak ordezkatzeko egin ziren; beste 5.000 kontraturekin gaixo zeuden profesionalak ordezkatu ziren.
Osasunbideak gehien kontratatzen duen profesional mota erizaina da: 15.000 kontratu iaz; ondoren, osasun laguntzaileak datoz, 7.000 kontraturekin; hirugarren postuan administrari laguntzaileak daude, 6.000 kontraturekin.
Kontratu gehienak Nafarroako Ospitale Guneak egiten ditu (15.800), ondoren Oinarrizko Arretak (9.000) eta gainerakoak Tutera eta Lizarrako guneek, Osasun Mentalak eta Zerbitzu Orokorrek.
2017ko amaieran, Osasunbidean 6.000 kontratu baino gehiago zeuden indarrean, gehienak bete gabeko lanpostuak betetzeko eta ordezkapenetarako.
%50etik gorako behin-behinekotasuna
Azken bost urteotan, kontratuen kopurua %23 igo da, eta langileria finkoa %12 gutxitu da. Horren ondorio zuzena da behin-behinekotasuna nabarmen handitu dela. 2013an behin-behinekotasuna %43 zen, eta 2016an %51raino heldu zen.
Txostenaren konklusioa da kontratazioa funtsezkoa dela Osasunbidean, osasun zerbitzuak behar bezala eskaintzeko. Kontua da kontratu kopuru oso handia kudeatu behar dela, eta horrek lan zama handia dakarrela. Askotan, ezinezkoa da lan eskaerak betetzea, profesional faltagatik edo zerrendan daudenen ezezkoagatik.
Kontuen Ganberak dioenez, Osasunbidearen aldi baterako kontratazio sistema legediaren araberakoa da. Dena den, horretarako erabiltzen den sistema informatikoak, kontratu kopuru hain handia izanik, ez du aukera ematen kontratazioa zerrendetako hautagaien hurrenkeraren araberakoa egin dela jasota uzteko.
Txostenak kontratazioaren kudeaketa hobetzeko gomendio batzuk eskaintzen ditu, horien artean azpimarra berezia merezi duten bi. Batetik, lan eskaintza publikoa egitea, behin behinekotasun handia gutxitzeko. Eta, bestetik, kontratazio sistema informatiko berria ahalik eta azkarren martxan jartzea, horri esker kontratazioak zerrenden hurrenkeren araberakoak direla frogatuta geldituko baita.