Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2018/14 Berako, Vianako, Altsasuko eta Baztango bertako ikastolei emaniko diru ekarpenak (Nafarroako Kontuen Ganberak Berako, Vianako, Altsasuko eta Baztango Udalek herriko ikastolei emaniko diru-laguntza aztertu ditu, UPN eta PSN talde parlamentarioek eskatuta. Eskaerak udalek emaniko laguntzen zenbatekoa finkatzea eskatzen zuen, eta horren legezkotasunaz ere iritzia ematea.
Berako Udalari dagokionez, herriko ikastola bi eraikinetan dago: bata udalak utzia eta bestea udal orube batean egina. Udalak bere gain hartu ditu Labiaga Ikastolaren gastu batzuk; 300.000 euro 2012tik 2017ra, gehienak garbiketa-gastuak.
Epe berean, Vianako Udalak 106.000 euroko diru-laguntza eman dio herriko ikastolari, mantentze eta funtzionamendu gastuetarako, kultur ekitaldietarako eta zorraren amortizaziorako. Ikastolaren Fundazioak ere 29.000 euro jaso ditu antolatzen dituen kultur ekitaldien truke.
Altsasuko Ikastola udal bi orubetan ditu eraikinak eta udalak aspaldian onarturiko diru-laguntza ematen dio. 2012tik 2017ra 240.000 euro jaso ditu. Kontuen Ganberak eskatua, 2012an udalak eta ikastolak hitzarmen bat sinatu zuten. 2017an diru-laguntza kendu eta Altsasuko ikastetxe guztiendako diru-laguntza deialdia sortu zen.
Baztan Ikastola publikoa da, Nafarroako udal ikastola bakarra. Erakunde autonomoa da, baina faktura batzuk udalak zuzenean ordaintzen ditu. Gastua 225.000 eurokoa izan da 2012tik hona. Kontuen Ganberak, Baztango kontuez eginiko txosten batean, beste soluzio bat proposatu zuen: ikastolak ordaintzea faktura eta gero udalari aurkeztu gastua, dirua jasotzeko.
Hori dena ikusita, hona hemen konklusio nagusia: legezkoa da udal orube edo eraikinak ikastolei uztea, irakaskuntza interes orokorreko ekimena baita. Gainera, kontuan hartzekoa da bestelako irakaskuntza-zentroek ere antzeko laguntzak jaso dituztela. Diru-laguntzak ere legezkoak dira, udalek irakaskuntzari laguntzeko ahalmena dutelako
Beraz, laguntza guztiak legezkoak dira bat izan ezik: Labiaga Ikastolak jasotzen duena. Udalak bere gain hartzen dituen gastu horiek ikastolak berak ordaindu beharko lituzke. Alde horretatik, txostenak udalaren eta ikastolaren arteko hitzarmen bat egitea proposatzen du.
Txostenak aholku batzuk ematen ditu. Horietako bat udal laguntzak Gobernuaren itunekin koordinatzea, eta udal diru-laguntzak diru-laguntzen arautegi orokorrera egokitzea. Halaber, Baztan Ikastola itun sistema arruntean sartzea ere proposatzen da.