Skip to main content

ASOCEX

2020/11 Buruko Osasuna (2014-2019)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2020/11 Buruko Osasuna (2014-2019) (
1,1 MB
)

Kontuen Ganberak buruko osasunaren kudeaketa aztertu du kaleratu berri duen txosten batean. 2014tik 2019ra artekoa da azterturiko kudeaketa.

Nafarroako Gobernuak, iaz, 58 milioi gastatu zituen buruko osasunean. Azken urteotan, arlo horretako gastuak gora egin du nabarmen. 2014an, 44 milioikoa izan zen, iazkoa baino %31 txikiagoa.

Gastuaren zati nagusia langileriarena da: 31 milioi. Txostenak dioenez, 717 langile ari dira buruko osasun arloan. Horietatik 337 finkoak dira eta 380 kontratatuak. Azken urteotan, nahiko handitu da kontratatuen kopurua. 2014an %37 zen; iaz, %53.

Buruko osasunaren gastuan daude osasun mentaleko zentroak eta ospitaleak, 45 milioirekin; gizarte eta osasun baliabideak, 11 milioirekin; zentro okupazionalak, 2 milioiko gastuarekin; eta, azkenik, enplegu-zentro berezietarako diru-laguntzak, 850.000 euroko gastuarekin.

Osasun arretaren hobekuntzak

Txostenaren konklusio nagusia da buruko gaixoen arretarako dauden osasun baliabide publikoak aski direla. Osasun arretak hiru zutabe ditu: osasun mentaleko zentroak, ospitaleetako arreta eta eguneko ospitaleak. Gaurko eskaera handituko balitz ere, zerbitzu horiek prest daude gaixo gehiago artatzeko.

Azken urteotan, bi hobekuntza izan dira buruko gaixo larriendako osasun arretan: batetik, 2018an egonaldi ertain eta luzeetarako atalak martxan jarri ziren, Iruñeko Xabierko San Frantzisko zentroan. Horren bitartez, ospitaleratzea eskatzen duten buruko gaixoen arretan zirkuito integratua lortu da.

Bestetik, 2017an lehen arazo psikotikoak dituztenei laguntzeko programa sortu zen. Horren helburua da gaixo horiek oso azkar artatzea, hortik aurrera ahalik eta bizimodu normalena izan dezaten; batez ere, lanean segitzeko moduan egon daitezen.

Gizarte eta osasun baliabideetan, plaza gutxi

Gaixoendako gizarte eta osasun baliabideetan, ordea, ez dago ia eskaintza publikorik. Egoitza eta etxe babestuez ari gara. Zerbitzu hori itundutako enpresen bidez egiten da. Kontua da enpresa horiek eskaintzen duten plaza kopurua ez dela aski,  inondik ere, eskaerari aurre egiteko.

Gobernuak diru-laguntzak ematen ditu itundutako zerbitzuetan tokirik ez duten gaixoak zentro pribatuetara joan daitezen. Diru-laguntza horiek, urtetik urtera, nabarmen handitzen ari dira. Iaz, lau milioitik gorakoak izan ziren.

Txostenak buruko osasuneko eraikuntza eta instalazioak ere aztertu ditu. Konklusioa da horretan gora-behera handiak daudela. Iruñeko Xabierko San Frantzisko zentro berritua, esaterako, bikaina da. Ospitaleetako eta eguneko ospitaleetako instalazioak, berriz, oso zaharkiturik daude eta berritu beharko lirateke.

Kontuen Ganberak buruko osasuna bultzatzeko plan orokorra eskatzen dio Gobernuari, holakorik ez dagoelako. Prebentzio-lana talde batzuei zuzenduriko ekimenak antolatzera mugatzen da. Suizidioaren prebentziorako plana ere eskatzen du. Suizidio-tasa ehun mila biztanleko seikoa da Nafarroan, Estatuan baino apalagoa.