Skip to main content

ASOCEX

2020/14 Nafarroako Kontu orokorrak (2019)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2020/14 Nafarroako Kontu orokorrak (2019) (
2,7 MB
)

Kontuen Ganberak Nafarroako kontu orokorrei buruzko txostena kaleratu du. Bertan, Foru Administrazioaren iazko finantza egoera islatzen da.

Iaz, Nafarroako Gobernuak 4.396 milioi gastatu zituen. Gastu nagusia transferentzia arruntak dira, 1.600 milioi; bigarrena, langileria, 1.400 milioi; eta hirugarrena, ondasun eta zerbitzuen gastua, 670 milioi. Inbertsioei dagokienez, beheranzko bidean segitzen dute.

Langileriaren gastua %12 handitu da. Batetik, urteko soldata egoeratik; bestetik, kontratatuei eta promozio plazetan ari zirenei gradua ordaindu zitzaielako; eta lanpostu finkorik gabe ari diren hezkuntzako irakasleek udako soldata jaso zutelako.

Langileriaz iaz ere aipaturiko kezka nabarmentzen da: aldi baterakotasun handia. Langileen erdiak kontrataturik daude. Portzentaje hori “gehiegizkoa eta kezkagarria” iruditzen zaio Kontuen Ganberari.

Osasuna: gastuen %42

Gastuaren helburuari erreparatzen bazaio, osasuna da nagusia: 1.870 milioi, gastuaren % 42. Hezkuntzan 700 milioi, %16; eta Estatuarekiko hitzarmen ekonomikoan 550 milioi, gastuen %12. Zorra ordaintzeko 400 milioi gastatu ziren, gastuaren %9.

Aipagarria da inbertsioen gastu apala. Iaz, 135 milioi besterik ez ziren gastatu, 2010ekoaren erdia.

Diru-sarrerak gastuen antzekoak izan ziren: l4.416 milioi. Horietatik, 4.000 zuzeneko eta zeharkako zergen bidez jasoak. Bina mila miloi eman zuten. Finantza pasiboekin 200 milioi lortu ziren, eta tasa eta prezio publikoen bidez 150.

Iazko kontuek ongi islatzen dute ondasun eta finantza egoera, eta baita aurrekontu emaitza ere. Badira salbuespen batzuk, horietako bat Kontabilitate Plan Orokorra ez dela diru-sarreretan behar bezala aplikatzen.

Legezkotasunaz ere, aldekoa da iritzia. Bada hor ere salbuespenik: epea amatua duten kontratuek sorturiko 200 milioiko gastua.

Finantza egoera hobetu da

Kontuen Ganberak dioenez, Foru Administrazioaren finantza egoeraren bilakaera ona da. Aurreko urteko datuekin alderatuz, hobera egin du.

Iazko ekitaldian 85 milioiko aurrezki garbia lortu zen; diruzaintzako soberakina ere izan zen: 140i milioi, hain zuzen; zorra gutxitu egin zen, 3.000 milioitik behean utziz. 2018an bezala, iaz amortizaturiko zorra handiagoa izan zen harturikoa baino. Aurreko urteetan alderantziz gertatzen zen. Gainera, Gobernuak zorraren finantzaketa berriro negoziatu eta, horri esker, 38 milioiko aurrezkia lortu zuen.

Datuak onak izan arren, Foru Administrazioak datozen urteetan ordaindu beharreko zor zama nahiko handia dauka: 2.961 milioi. Erdia 2025eerako amortizatzekoa da.

Gainera, ezin ahantzi Covid-19aren eragina. Pandemiak gastuak handitu eta diru-sarrerak gutxituko ditu. Itxura guztien arabera, heldu den urtean eten eginen da orain arteko bilakaera ona.