Skip to main content

ASOCEX

2021/04 Covid-19aren kudeaketa

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2021/04 Covid-19aren kudeaketa (
471
)

Kontuen Ganberak emaniko datuen arabera, 7.500 lan kontratu egin ditu, gehienak Erizaintzan.

Nafarroako Gobernuak 253 milioi gastatu ditu Covid-19 aurre egiteko

Kontuen Ganberak Covid-19ari buruzko txosten bat egin du, Parlamentuaren eskariari erantzunez. EH Bildu taldea izan zen eskaeraren bultzatzailea. Azterketak bi kontu nagusi aztertu ditu: Gobernuak krisia nola kudeatu duen, batetik, eta covid-19ak kontuetan izan duen eragina, bestetik.

Parlamentuak iazko martxo eta ekaina bitarteko kontratu eta diru-laguntzak aztertzeko eskatu zuen. Kontuen Ganberak, ordea, epea luzatu egin du, 2020 osoa hartzeko. Beraz, iazko kontratu eta diru-laguntzak aztertu ditu, eta 2021eko martxora arteko datuak ere eskaini ditu.

Krisia hasi zenetik, Nafarroako Gobernuak 253 milioi gastatu ditu Covid-19ari aurre egiteko. Urte bete honetan, 7.500 kontratu egin ditu, gehienak Osasunbidean: 5.300. Osasunbideak kontrataturiko hamar lagunetik zazpi erizain eta erizain-laguntzaileak dira.

Iazko gastua: 225 milioi

Iaz, Nafarroako Gobernuak 225 milioi gastatu zituen krisiari aurre egiteko. Gastuak ez ezik, diru-sarrerak ere izan zituen: 187 milioi, Estatuaren diru-laguntzetatik hartuak.

Gastu nagusia Osasunbideak egin zuen: 101 milioi: Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak, 43 milioi; Lurralde Kohesioak, 26 milioi; Irakaskuntza Departamentuak, 18; eta Eskubide Sozialetako Departamentuak, 17 milioi.

Aurrekontuari begiratzen bazaio, zenbateko nagusia enpresa, toki erakunde, partikular eta ikastetxeei eginiko transferentziei dagokie: 72 milioi. Enpresek 43 milioi jaso zuten, toki erakundeek 11,5 eta familia eta partikularrek 7,7 milioi (Errenta bermatua zati nagusia). Irakaskuntza ez unibertsitarioko ikastetxeek ia hiru milioi jaso zuten.

Gastu arruntetan 70 milioi gastatu ziren. Hor hiru kontzeptu nagusi daude: osasun materiala (maskarak, babes-mantalak, eskularruak, oinetakoak…). Horren gastua 23,5 milioi izan zen. Laboratorioko produktu eta produktu kimikotan 14 milioi gastatu ziren. Osasun zentro pribatuekiko hitzarmenetan 8,6. Azken kapitulu horretan, Universidad de Navarra Klinikak, San Juan de Dios Ospitaleak eta San Miguel Klinikak jasotako 7,8 milioikoa da gastu nagusia, osasun arretagatik eta ohe-erreserbagatik.

6.800 kontratu 3.400 laguni

Langilerian 45 milioi gastatu ziren. Iaz, Nafarroako Gobernuak 6.800 kontratu egin zizkien 3.400 laguni. Kontratu gehienak (4.905) Osasunbideak egin zituen. Irakaskuntzak 1.201 egin zituen, eta Eskubide Sozialetako Departamentuak 691.

Osasunbideak kontrataturiko hamar langiletik zazpi erizain eta erizain-laguntzaileak dira.

Kontuen Ganberak krisiaren hasieratik egin diren kontratu eta banatu diren diru-laguntzak aztertu ditu. Konklusioa da, orokorrean, bete egin dela ez ohiko egoeran aplikatu beharreko legedia.

 Salbuespenik bada, ordea. Autonomoendako diru-laguntzak jasotzeko profesionalek beren egoerari buruzko aitorpena aurkeztu behar zuten, laguntza hartzeko muga batzuk zeudelako bakoitzaren egoerari lotuak. Kontua da Gobernuak ez zituela aitorpenetan jasotako datuak egiaztatu. Ondoren, ostalaritza eta turismoko profesionalek harturiko diru-laguntzetan akatsa konpondu egin da, datuak egiaztatzeko sistema martxan jarri delako.

 2021: 28 milioiko gastua eta 735 kontratu

Txostenak dioenez, Nafarroako Gobernuak ongi kudeatu du osasun krisia azterturiko gaietan: diru-laguntzen kudeaketa eta langileria, obra eta hornigaien kontratazioa.  

2020ko kontratu, erosketak eta diru-laguntzak aztertzeaz gain, txostenak aurtengo lehen hiru hilabeteetako datuak ere ematen ditu. 2021eko urtarriletik martxora 28 milioi gastatu dira Covid-19ari aurre egiteko.

Urteko lehen hiru hilabeteetan, Gobernuak 735 kontratu egin ditu: 365 Hezkuntzan 309 Osasunbidean eta 61 Eskubide Sozialetako Departamentuan.

Aurten ere, Nafarroak diru-laguntzak jasoko ditu krisiari aurre egiteko Europatik zein Estatutik. Dena den, momentuz ez da laguntzen zenbatekoa zehaztu.

Azkenik, txostenak kontu-ikuskaritza publikoan duen garrantzia azpimarratu beharra dago. Izan ere, Kontuen Ganbera da krisiaren egoera ekonomikoa aztertu duen lehen kontu epaitegia.