Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2022/07 Nafarroako Parlamentuaren 2021eko kontuak (Nafarroako Kontuen Ganberak Parlamentuaren iazko kontuei buruzko txostena argitaratu du.
Txostenak ontzat ematen ditu kontuak, ongi islatzen baitituzte ondare eta finantza egoera, eta baita 2021eko aurrekontu emaitza ere. Legezkotasunaz ere aldekoa da iritzia, Parlamentuaren kudeaketa ekonomikoa legediaren araberakoa baita.
Iaz, Nafarroako Parlamentuak 12 milioi gastatu zituen. Gastu nagusia langileriarena da: 7,2 milioi. Ohiko transferentzietan hiru milioi gastatu zituen, eta ondasun eta zerbitzuen erosketetan 1,4 milioi.
Langileriari dagokionez, bi multzotan banatzen da gastua. Batetik, Parlamentuko langileak eta, bestetik, parlamentariak. 2,6na milioi jasotzen dute.
Parlamentu-taldeek 2,8 milioiko laguntza jaso zuten, 2019ko hauteskundeetan lorturiko emaitzen arabera banatuak. Talde gehienek beren alderdi edo koalizioei ematen diete jasotako guztia.
Estatuko Kontu Epaitegiak esana du (hari baitagokio alderdi politikoen ikuskaritza) Parlamentu-taldeek alderdiei eginiko diru-ekarpen hori nolabait justifikatu behar dutela. Irizpide horrekin bat eginez, Kontuen Ganberak alderdien eta taldeen arteko hitzarmena egitea proposatzen du. Hitzarmenak alderdiek egiten dituzten zerbitzuak eta horren prezioa zehaztu beharko lituzke.
Langileria: kontratazio maila oso handia
Iazko abenduaren 31n, Parlamentuak 54 langile zituen. Horietatik, 30 funtzionarioak dira eta 24 kontratatuak. Kontratazio maila handia izateaz gain, kontratatuek denbora luzea egiten dute egoera horretan. Horren isla da bi langileren egoera. Batek 12 urte daramatza kontratatua; 17 besteak. Legelari taldearen egoera ere aipatzen da. Bost dira, eta bakarra funtzionario. Beste laurak kontratatuta daude.
Txostenak dioenez, Parlamentuak iaz Langileriaren Estatutua eta Antolaketa Arautegia aldatu zituen, zerbitzuak hobeki antolatzeko. Hori oinarritzat harturik, Parlamentuko Mahaiak maiatzean enplegua egonkortzeko akordioa onartu zuen. Prozesua oposizio-lehiaketa eta meritu-lehiaketen bidez eginen da.