Skip to main content

ASOCEX

2022/09 Etxeko eta merkataritzako hondakinen kudeaketa

Argitalpen data

Kontuen Ganberak etxeko eta merkataritzako hondakinen kudeaketari buruzko txosten bat argitaratu du. Txostenak kudeaketaren eraginkortasuna eta efizientzia hobetzeko neurriak proposatzen ditu. Horretarako, arloan eskumena duten administrazioaren arteko koordinazioa indartzea eskatzen du.

Hondakinen kudeaketa gaur egungo gizartearen ingurumen-erronka nagusienetarikoa da. Garapen ekonomikoak eta kontsumoaren hazkundeak hondakinak gehitzea eragin dute. Arazoari aurre egiteko, Europako, Estatuko eta Autonomia Erkidegoetako arau-esparru bat garatu da. Horren helburu nagusiak hiru dira: hondakinak gutxitzea, birziklatze-kopurua handitzea eta ekonomia zirkularraren aldeko apustua egitea.

Etxeko eta merkataritzako hondakinen kudeaketa udal eskumena da, eta 16 mankomunitateren eta Hondakin Partzuergoaren bidez kudeatzen da. Azken hori 2007an sortu zen. Nafarroako Gobernuak eta mankomunitateek osatzen dute, Iruñerrikoak izan ezik.

Baztango Udala da zerbitzua zuzenean kudeatzen duen bakarra. Beste sei udalerrik akordioa dute mugakide diren administrazioekin hondakinak bildu eta tratatzeko.

282.000 tona hondakin urtean

Nafarroan etxeko eta merkataritzako 282.000 tona hondakin biltzen dira urtero, hau da, 427 kilo biztanleko. Iruñerriko Mankomunitateak ia 150.000 tona kudeatzen ditu eta Erriberakoak 40.000 tona. Hirugarren postuan Jurramendiko Mankomunitatea dago, 25.000 tonarekin. Erriberagoitiak 14.000 tona kudeatzen ditu, eta Mairagak 13.000. Gainerakoak 10.000 tonatik behera daude.

Gaikako bilketa %39 da, eta oraindik %61 nahastutako hondakinak dira.

Bildutako hondakin motari dagokionez, hondar frakzioa da nagusia: %53. Papera, kartoia eta ontziak %18 dira, organikoa %15, tamaina handikoak %8 eta beira %6.

Nafarroako Hondakinen Planaren arabera, 2020rako hondakin-kopurua murriztu beharra zegoen. Helburua, ordea, ez da bete. Are gehiago, bildutako hondakin kopurua handitu ere egin da zertxobait. 2010ean biztanleko 442 kilo bildu ziren. 2014an 410eraino jaitsi ziren. Hala ere, ordutik aurrera kopurua 427ra igo da 2020an eta 429ra iaz.

Gabeziak Iruñerrian eta Erriberan

Kudeaketa eta tratamendua hobetzeko gainerako helburuak mankomunitate gehienek bete dituzte, baina ez bi nagusiek: Iruñerrikoak eta Erriberakoak.

Lehenbizikoak ez du betetzen isurketei buruzko Europako araudia. Izan ere, hondar-frakzio guztia hondakindegian uzten du, aldez aurretik tratatu gabe.

2023an hasiko da Imarkoaineko zentro berria eraikitzen, materia organikoa tratatzeko instalazio bat barne.

Erriberako Mankomunitateari dagokionez, orain arte ez du bereizi materia organikoa. Orain ari da bilketa hori bultzatu nahian.

Txostenak mankomunitateek kobratzen dituzten tasak ere aztertu ditu. Aipatzekoa da, alde horretatik, tasa horiek ez direla familia bakoitzak sortzen dituen hondakinen arabera ezartzen. Horrek ez du hondakin kopuruaren murrizketa sustatzen, eta ez da koherentea funtsezko printzipio batekin; kutsatzen duenak ordaindu egiten du.

Nafarroako Gobernuak kudeatzen duen diru-funts bat dago, hondakinen gaineko zergatik eta isunetatik datorrena. Funts hori ingurumen-jardueretara bideratu behar da. Azken lau urteotan, 14 milioi bildu dira. Horietatik bi eta erdi besterik ez dira inbertitu.

Txostenak hondakinen bilketa berezitik lortzen duen birziklatuen ehunekoa ere aztertu du. Nafarroan %24 da, Estatuko bataz bestekoa (%19) baino hobea, baina punta-puntako bi erkidegoetatik urrun: Euskal Autonomia Erkidegoa (%38) eta Katalunia (%29). Europar Batasuneko bataz bestekoa ere (%30) Nafarroaren gainetik dago.

Kudeaketa zentralizatua eta kontzientziazioa

Txostenak etxeko eta merkataritzako hondakinen kudeaketa hobetzea eskatzen du. Horretarako Hondakinei buruzko Foru Legean jada aurreikusita dagoen erakunde publiko bat sortzea proposatzen du, mankomunitate guztiak batu eta instalazio-sare integratu bat eskaintzeko.

Hondakinen kudeaketa zentralizatzeak onura batzuk ekarriko lituzke: eskala-ekonomia, kontratazio eta komunikazio ekimen komunak.

Azkenik, Kontuen Ganberak dei bat egiten die administrazioei herritarrak kontzientziatzeko ahaleginak egin ditzaten, bi mezu nagusirekin: hondakinen sorrera murriztu egin behar da, eta birziklatzeari buruzko arauak bete.

  • Gaikako bilketa %39 da. Oraindik %61 nahastutako hondakinak dira.
  • Nafarroan hondakinen %24 birziklatzen da. Europako bataz bestekoa %30 da.
  • Tasak ez dira ezartzen bakoitzak sortzen dituen hondakinen arabera.