Skip to main content

ASOCEX

2023/01 Nafarroako toki administrazioa (2020)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2023/01 Nafarroako toki administrazioa (2020) (
4917 KB
)

Nafarroako Kontuen Ganberak toki administrazioari buruzko txostena kaleratu du. Bertan, udal, kontzeju eta gainerako udal erakundeen 2020ko egoera orokorra aztertzen da.

Udal Ogasun Legeak udalen kontuak bidaltzeko finkatzen duen epeagatik, batetik; eta informazio hori guztiak kudeatzeko zailtasuna, bestetik. Kontua da txostenaren aurkezpena atzeratu egiten dela. Kontuen Ganbera Gobernuarekin harremanetan ari da, datuak azkarrago jaso eta txostenaren eta azterturiko ekitaldiaren arteko aldea gutxitzeko.

I2021eko hasieran, 701 toki entitate zeuden Nafarroan: 272 udal, 346 kontzeju, 61 mankomunitate eta 22 udal elkarte.

Kontuen Ganberak, berriro ere, betikoa azpimarratzen du: udal mapa ez da batere eraginkorra. Nafarroan toki entitate asko dago, txikiak gehienak. Horrela zaila da kalitatezko zerbitzuak eskaintzea.

Txostenak gogoratzen duenez, Nafarroako Parlamentuak, 2019ko otsailean, toki administrazioaren erreformarako legea onartu zuen. Kontua da lege nagusia garatzeko behar diren erabaki eta arauetan ez dela aurrera egin. Udalak finantzatzeko modua bai, hori aldatu da, Parlamentuak iaz onarturiko hiru foru legeren bitartez.

Pandemiak ez du udalen finantza egoera okertu

Toki administrazioaren datu ekonomiko nagusiak hauexek dira: 2020an Udal erakundeek 855 milioi bildu zituzten. Diru-sarreren erdia transferentziak dira, gehienak Nafarroako Gobernuak eginak. Gastuak 800 milioi dira. Horietatik, %81 funtzionamendu gastuak dira: langileria (%39) eta ondasun eta zerbitzu arrunten erosketa (%32).

Aurreko urteko datuekin alderatuz, diru-sarrerak %4 gutxitu ziren. Gastuen jaitsiera, berriz, %19 izan zen.

Hori dena Covid-19aren pandemiak baldintzatu zuen. Izan ere, pandemiaren hasieran jarduera ekonomikoa eten egin zen. Horren ondorioz, udalen tasa, prezio publiko eta zeharkako zergetan bilduriko nabarmen jaitsi zen: 26 milioi. Dena den, transferentziak ere handitu ziren, pandemiari aurre egiteko 13 milioi barne. Horri esker, diru-sarrera arruntak %1 besterik ez ziren gutxitu.

Gastuei dagokienez, 23 millioitan gutxitu ziren. Arrazoia argia da: pandemia garaian bertan behera gelditu ziren hainbat ekimen, ekitaldi eta festa. Langileriaren gastua 12 milioi handiagoa izan zen. Hori dena kontuan hartuz, funtzionamendu gastuak %2 jaitsi ziren.

Nafarroako udal eta gainerako toki entitateek 140 milioiko aurrezki gordina lortu zuten. Pandemia aurreko garaiko datuak dira horiek, gutxi gora behera.

Udal eta kontzejuen zorra ere gutxitu da. 2021eko hasieran 138 milioikoa zen, diru-sarreren %18. Aurreko urtearekin alderatuz, %23 gutxiago.

Diruzaintzako gerakina ere hobetu da, 26 milioi handiagoa baita.

Laburbilduz: toki entitateen finantza egoera ona da. Pandemiak ez du horretan eraginik izan.

Gomendioak

Txostenak Foru Administrazioari eta Parlamentuari toki administrazioaren erreformarako bidean aurrera egin dezatela eskatzen die, alegia, onar ditzatela legearen garapenak eskatzen dituen arau eta erabakiak. Udal kontabilitatea gaurkotzeko beharra ere aipatzen da, kontabilitate publikoaren plan orokorrera egokitzeko.

Europak aurrekontu egonkortasun eta finantza iraunkortasunerako arauak bertan behera utzi baditu ere, txostenak zuhurtziaz jokatzen segitzeko eskatzen die udaletako arduradunei. Lanpostuen zerrendetan beharrezkoak diren lanpostu guztiak sartzeko ere eskatzen du. Azkenik, langileriaren behin-behinekotasuna gutxitzeko enplegu eskaintza publikoak egiteko beharra azpimarratzen du.