Skip to main content

2023/14 Nafarroako aurrekontu orokorretako diru-laguntza izendunak (2019-2022)

Argitalpen data

Diru-laguntza izenduna laguntza mota berezia da, Diru-laguntzen Foru Legean arautua. Konkurrentziarik gabe eta zuzenean ematen zaio talde edo erakunde jakin bati, Gobernuak edo Parlamentuak bultzatuta. Lehenbiziko kasuan, Gobernuak aurrekontu lege proiektuan sartzen du. Bigarrenean, berriz, talde parlamentarioek proposatzen dute, aurrekontu-eztabaidan emendakinak eginez.

Azken lau urteotan, Nafarroako aurrekontuetan onarturiko diru-laguntzak 370 milioitik 692 milioira handitu dira. Diru-laguntza izendunak 30 milioitik 40 milioira igo dira. Iaz, diru-laguntza izendunak laguntza guztien %5 izan ziren.

Diru-laguntza izendunen igoera talde parlamentarioen emendakinek eragin dute. 2019an, Parlamentuak diru-laguntza izendunetarako 55 diru-sail onartu zituen. Iaz, berriz, 241.

Onuradunak: udalak eta gobernuz kanpoko erakundeak

Txostenak diru-laguntza izendunen onuradunei ere erreparatu die. Gobernuak bultzaturikoen artean gobernuz kanpoko erakundeak dira nagusi. Talde parlamentarioen gehienak, berriz, udaletara joaten dira, batez ere kiroldegi eta ikastetxeak eraiki edo zaharberritzeko.

Onarturiko diru-laguntza izendunak ze taldek bultzatu ditu? Galdera horri ere erantzun dio txostenak. Azken hiru urteotan, PSNk proposatutakoak diru-laguntzen %28 izan dira. Portzentaje bera da Geroa Bai taldearena. Gobernua sostengatzen duten taldeak daude beste %13ren atzean, EH Bildu ere barne. EH Bilduk berak %13 bultzatu zuen, eta Ahal Duguk eta Ezkerrak %7na dute.

Diru-laguntza izendun gehien kudeatzen duten departamentuak honakoak dira: Eskubide Sozialetako Departamentua; Kultura eta Kirola eta Turismo; Unibertsitatea, berrikuntza eta Aldaketa Digitala; eta Lurralde Kohesioa Departamentua.

Eskubide Sozialetako Departamentuak 10 milioiko diru-laguntzak kudeatzen ditu, %80 lanerako ikastegi bereziekiko hitzarmenetara bideratua. Kultura, Kirola eta Turismo Departamentuak bi kontu kudeatzen ditu; kultur erakundeekiko hitzarmenak eta udalei kirol eta kultur azpiegiturak egiteko ematen zaizkien diru-laguntzak. Unibertsitateari dagokionez, laguntzak ikerketa egiten duten erakundeekiko hitzarmenetara bideratzen dira dirua. Lurralde Kohesioa Departamentuak udal azpiegituretarako diru-laguntzak kudeatzen ditu.

Kontuen Ganberak 400etik gora diru-laguntza aztertu ditu, 60 milioiko gastuarekin. Lautik hirutan, badira diru-laguntzaren helburu bera duten diru-laguntzen deialdi publikoak, konkurrentzia bermaturik. Kasu horietan, gainera, finantzazioaren portzentaje eta mugak handiagoak dira diru-laguntza izendunetan ohikoetan baino.

Bada beste kontu bat nahiko deigarria: diru-laguntza izendunen helburu bera duten ohiko diru-laguntzetan, eskaeren erdiak baztertu egiten dira, krediturik ez dagoela argudiatuta. Kontuen Ganberaren ustez, batzuei zuzenean diru-laguntza ematen zaion bitartean, helburu bera duen deialdi publikoan beste batzuk kanpoan uzteak tratu-desberdintasuna erakusten du. Beraz, saihestu beharreko jokamoldea iruditzen zaio.

Konklusioak

Diru-laguntza izendunak legezkoak dira, eta Kontuen Ganberak azterturikoen kudeaketa eta prozedura egokiak dira. Nolanahi ere, txostenak azpimarratzen du diru-laguntza izenduna ez ohikoa dela, beti ere kasu bakan batzuetan erabiltzekoa. Horregatik, azken urteotan hainbeste igo izana ez da bidezkoa, are gehiago horietako asko ohiko bidetik joan daitezkeela kontuan hartuz: berdintasuna eta konkurrentzia bermatzen dituzten deialdi publikoak.

Gainera, bide horretatik segituz Gobernuari dagokion kudeaketa publikoaren plangintza, zuzendaritza eta kontrola kalteturik atera daitezke. Horren harira, Nafarroako Kirol Institutuaren egoera aipatzen da. Aurtengo aurrekontuetan, Institutuak 10 euroko diru-partida dauka kirol instalazioak bultzatzeko. Parlamentuak onarturiko diru-laguntza izendunetarako, berriz, 4.6 milioiko diru-partida dauka.

Lurralde-Kohesioa Departamentuaz ere badago aipamenik. Izan ere, kudeatzen dituen diru-laguntza izendun asko toki ogasunen funtsaren bidez joan litezke.

Txostenak gomendio bat nabarmentzen du: diru-laguntza izendunak salbuespena izan daitezela, eta Gobernuak zein Parlamentuak konkurrentziaren aldeko apustua egin dezatela.