Skip to main content

ASOCEX

2023/23 Nafarroako Gaztediaren Kontseilua (2019-2022)

Argitalpen data

Kontuen Ganberak Nafarroako Gazte Kontseiluaren azken lau urteko kontuak aztertu ditu (2019-2022). Txostena aurtengo martxoan lau talde parlamentariok eginiko eskaeraren ondorioa da. Navarra Suma, PSN, EH Bildu eta Podemos-Ahal dugu taldeek egin zuten eskaria.

Nafarroako Gazte Kontseilua 1986an sortu zen, Nafarroako Foru Komunitatearen garapenean gazteen parte-hartzea sustatzeko eta haien eskubideak zaintzeko asmotan. Zuzenbide publikoko erakundea da, nortasun juridiko propioa du, eta ez da Foru Komunitateko Administraziokoa; Nafarroako Gazteriaren Institutuaren bidez erlazionatzen da harekin. Finantzaketa ere Gaztediaren Nafar Institututik jasotzen du, diru-laguntza-izendun baten bitartez.

Gaur egun, hiru langile ditu: administrari bat eta bi teknikari (Asoziazionismokoa eta Parlamentu Gaztearen proiektukoa). Azken hori heldu den urtean desagertuko da, Parlamentuak ez baitu berrituko orain arte emaniko diru-laguntza.

Kontseiluak emanko datuen arabera, bertan 55 erakunde daude. Dena den, azken lau urteotako batzarretan 16k besterik ez dute parte hartu, eta horietatik 10 erakundek betetzen dituzte bertan aritzeko eskakizunak.

Urteko gastua: 165.000 euro

Azken lau urteotan, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak 650.000 euro jaso ditu, eta 658.000 euro gastatu.

Diru-sarreren %83 Nafarroako Gazteriaren Institututik dator, %14 Nafarroako Parlamentutik eta %3 beste erakunde publiko batzuentzat egiten dituzten jardueretatik (Osasun Publikoaren Nafar Institutua, Udalak…)

Gastuari dagokionez, langileriarena da nagusia (%75). Ekitaldietan %15 gastatzen du eta %5 funtzionamendu-gastuak dira.

Txostenak dioenez, Kontseiluaren gastu eta diru-sarrerak ez datoz bat denboran. Izan ere, gastuei aurre egin behar dizkie Gaztediaren Nafar Institutuaren eta Parlamentuaren diru-laguntza jaso aurretik. Likidezia lortzeko, bankuei eskatzen die dirua. Aurtengo apirilean, ordea, dirua ematen zion bankuak kreditua bertan behera uztea erabaki zuen.

Kontuen Ganberak dio, alde horretatik, ziurgabetasun handia dagoela kontseiluak bere gastuei (nominak, hornidurak…) aurre egiteko duen gaitasunari buruz, eta horrek arriskuan jar dezakeela haren jarraipena. Gainera, 2023an %29 murriztu da Nafarroako Gaztediaren Institutuaren diru-laguntza.

Era berean, azken lau urteetan kontseiluaren jarduerek behera egin dutela egiaztatu du. Kontuen Ganberak adierazi du kontseilua ez dela bere eginkizun nagusiak betetzen ari.

Kontrako iritzia eta gomendioak

Nafarroako Kontuen Ganberaren arabera, urteko kontuek ez dute ondarearen irudia islatzen, ez baitituzte kontabilizatu kontseiluarekin zerikusia duten eragiketa guztiak. Gainera, kontabilitatean bestelako akats nabarmenak daude. Horren ondorioz, egoera-balantzea eta kontu batzuen saldoa ere okerrak dira.

Txostenak Nafarroako Gazteriaren Kontseiluaren izaera juridikoa aldatzea gomendatzen du, Horretarako, Espainiako Gazteriaren Kontseiluarena jartzen du adibidetzat, egokia izan daitekeelakoan. Halaber, kontabilitate-egitate guztiak behar bezala erregistratzea eskatzen du, eta ordainketak egiteko sinadura mankomunatua ezartzea.

Azkenik, Kontuen Ganberak erakundeko kideei kuotak kobratzea eskatzen dio kontseiluari, eta kredituak bankuekin negoziatzea likidezia-arazoak konpontzeko.