Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2024/05 Tafallako udalaren langileria, kontratazio publikoa eta diru-laguntzak (2022) (Kontuen Ganberak Tafallako Udalaren kudeaketa aztertu du. Txostenean hiru gairen legezkotasuna aztertzen da: langileria, kontratazio publikoa eta diru-laguntzak. Datuak 2022koak dira.
Tafallak ia 11.000 biztanle izateaz gain, merkataritza-sozietate bat dauka: Ciudad Deportiva Tafalla S.A. izenekoa. Udal sozietate publikoak ez du langilerik eta kanpoko enpresa bati azpikontratatzen dio kirol-instalazioen kudeaketa. Hori dela eta, txostenak eskatzen du sozietatea desegiteko aukera aztertzea, eta Udalak bere gain har ditzala sozietateak eginiko kontratuak.
Txostenak adierazten duen bezala, Tafallako Udalak 2022an 12 milioi gastatu zituen eta 13 bildu. Udal sozietateari dagokionez, udalak 260.000 euro eman zizkion CDTSA-ri. Sozietateak, bestalde, ez dio ezer kobratu kirol instalazioen kudeaketaren arduradunari. Izan ere, bi aldeek adostu gabe zuten 2020 eta 2021ean ordaindu beharrekoa, pandemiaren eraginez kontratua berrikusi behar zelako.
121 lanpostutik 68 huts
Udaleko langileen gastua 6.8 milioi eurokoa da, gastu guztien %56. Udal plantillan 121 lanpostu daude, eta horietatik 68 hutsik. Lanpostu huts horietako 58 kontratazioen bidez daude beteta.
Tafallako udalak 62 lanpostu betetzeko enplegu publikoaren eskaintza du martxan, behin-behineko tasa gutxitzeko asmoz.
2,4 milioiko gastua epea amaituta duten kontratutan
Ondasun eta zerbitzuetako gastu arruntak 3.3 milioikoa da, guztien %27. Kopuru horretatik, 2.5 milioi materialari eta hornidurei dagozkie.
Kontuen Ganberak egiaztatu du, kopuru osotik ia milioi bat kontratu txikitzat izapidetu direla, lizitaziorik gabe esleitzeko legezko mugak gainditu baziren ere. Nabarmentzekoa da argindarraren eta gasaren gastuak, 648.000 eta 120.000 euro hurrenez hurren.
Kontratua amaituta duten prestazioei dagokienez, 2.4 milioiko gastua dago metatuta 2022ra arte. 2022an, zehazki, 340.000 euro ordaindu ziren epea amaitua zuten kontratuengatik. Zenbatekoak udal eraikinak eta ikastetxe publikoa garbitzeari dagokio (242.000 euro), besteak beste. Bi kontratuak 2012an amaitu ziren eta geroztik ez dira lizitatu.
180.000 euro diru-laguntza izendunetan
Diru-laguntza izendunei dagokionez, 180.000 euro eman zizkien 25 onuraduni, 325 eurotik 55.000ra bitarteko kopuruarekin. Diru-laguntzaren erdia baino gehiago hiru onuradunentzat izan da: Tafallako Musika Banda (55.000 euro), Espainiako Gurutze Gorria (23.000) eta Peña Sport Futbol Club (20.000).
Azkenik, txostenak Next Generation funtsei buruzko informazioa ematen du. Udalak ia 18.000 euro gastatu ditu, nahiz eta 2022ko amaieran 16.000 besterik ez zituen jaso. Inbertsioa oinarrizko gizarte-zerbitzuen modernizazio digitalera bideratu da.
Gomendioak
Laburbilduz, langileriaren, kontratazio publikoaren eta diru-laguntzen kudeaketa legezkoak dira. Salbuespen gisa, lizitaziorik gabeko prestazioengatik ordainduriko ia milioi bateko gastua eta epe-muga amaitua duten kontratuak aipatzen dira.
Beraz, txostenak bi gomendio azpimarratzen ditu: kontratu guztiak behar duten prozeduraren bidez egitea; eta kontratazio-prozedurak planifikatzea, kontratuen gehieneko indarraldia ez gainditzeko.