Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2024/22 Iruñeko Udalaren kontu orokorra, 2023 (Kontuen Ganberak Iruñeko Udalaren 2023ko kontuei buruzko txostena argitaratu du.Txostenak udalaren finantza egoera ona azpimarratzen du. Honako datuok dira horren isla: 8 milioiko aurrezki garbia, 41 milioiko diruzaintzako gerakina eta zorraren jaitsiera (36 milioi, 2023ko amaieran).
Iaz, Iruñeko Udalak eta haren erakunde autonomoek (Haur Eskolak eta Hirigintza Gerentzia) 262 milioi gastatu eta 289 bildu zituzten.
Gastuetan langileriarenak dira nagusiak: 120 milioi. Ohiko ondasun eta zerbitzuen gastuak 85 milioi izan ziren. Eta inbertsioetan 28 milioi gastatu ziren.
Iruñeko Udalak 1.624 lanpostu ditu. Horietatik 1.029 beterik daude, eta 595 bete gabe. Azken horien artean, gehienak aldi baterako kontratuen bidez betetzen dira: 477. Langileriaren behin-behinekotasun indizea %33 da.
Diru-sarreretan, ohiko transferentzien bidez 120 milioi lortu ziren; zuzeneko zergen bitartez, 58 milioi; eta kapital transferentziei esker, 16 milioi.
Aurreko urteko datuekin alderatuz, diru-sarrerak %7 igo ziren. Horren arrazoi nagusia da udal orube batzuen salmenta, hortik 34 milioi lortu baitziren.
Gastuak %4 igo ziren, langileriaren gastuaren igoeragatik.
Txostenak 2023an egin ziren aurrekontu aldaketak aipatzen ditu. Kontuan hartzekoa da azken bi urteotan ez zela aurrekonturik onartu. Beraz, 2021ekoa luzatu behar izan zen. Horren ondorioz, kreditu nahikorik ez zuten ohiko gastu eta inbertsiotan aldaketak egin ziren. Guztira, 79 milioi izan ziren, horietatik 31 diruzaintzako gerakinarekin finantzaturikoak.
Next Generation funtsak ere aipatzen dira. 2021tik 2023ra, udalari 41 milioi eman zitzaizkion. Horietatik, 30 kobratu eta 27 gastatu ditu. Kontuen Ganberak funtsen kudeaketan gaizki egindako kontu batzuk atzeman ditu.
Finantza egoera ona
Txostenak adierazle ekonomiko gehienen bilakaera ona aipatzen du. Aipatzekoa da, alde horretatik, aurrekontu emaitza positiboa izan zela 33 milioitan; aurrezki garbia 8 milioikoa izan zen; eta diruzaintzako gerakina, 41 milioikoa. Zorra jaitsi egin zen, 36 milioiraino.
Orube batzuen salmentak eta Europatik jasotako 13 milioiko funtsek ere eragina izan dute bilakaera onean.
Udalaren kontu orokorrak azterturik, Kontuen Ganberak dio ongi islatzen dutela ondarea, aurrekontu emaitza eta emaitza ekonomikoa. Legezkotasunaren gaineko iritzia ere aldekoa da, arlo horretan salbuespen batekin: epea amaitua zuten kontratuetan gastaturikoa (13 milioi).
Gomendioak
Gomendioei dagokienez, azken urteetan eginiko bat aipatzen da, iaz bete egin zelako: balorazio ponentziaren onarpena, katastro-balioak gaurkotzeko. Bete gabe daudenen artean bi azpimarratzen ditu: barne kontrola bultzatzea eta kontratuen lizitazioa behar bezala planifikatzea, kontratuen epea ez gainditzeko.