Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2026/04 Nafarroako Kontu orokorrak, 2024 (Kontuen Ganberak 2024ko Nafarroako Kontu Orokorrei buruzko txostena argitaratu du. Txostenak ekonomia-adierazleen bilakaera ona islatzen du. Kontuei buruzko iritzia aldekoa da, salbuespen batzuk aipatzez badira ere.
Kontuen Ganberak 2024ko kontu orokorrei buruzko txostena argitaratu du. Bertan Foru Administrazioaren finantza-egoeraren ikuspegi orokorra islatzen da.
Iaz, Foru Administrazioak 5.940 milioi gastatu eta 6.000 bildu zituen. Aurreko urteko datuekin alderatuz, gastuak zein diru-sarrerak %3 igo ziren.
Gastuetan transferentzia arruntena da kapitulu nagusia, 2.300 milioirekin. Langileria da bigarrena, 1.800 milioirekin. Hirugarrena, ondasun eta zerbitzuen gastu arruntak: 960 milioi.
Gastua gaika banatuz gero, osasuna da nagusia: 1.486 milioi (%25). Hezkuntzak 992 milioiko gastua du (%17). Hirugarren gastu nagusia Estatuari Hitzarmen Ekonomikoagatik egiten zaion diru-ekarpena da: 832 milioi. Laugarren gastua gizarte zerbitzuak dira, 585 milioirekin (%10)
Diru-sarrerei dagokienez, zuzeneko zergen bidez 3.000 milioi bildu ziren. Zeharkako zergen bitartez, berriz, 2.400 milioi.
Zuzeneko zergetan Pertsona Fisikoen Errentaren Gainekoa da nagusia: 2.300 milioi, aurreko urtean baino %10 gehiago. Sozietate zergen bidez 490 milioi bildu ziren, aurrekoan urtean baino %8 gutxiago.
Zeharkako zergetan BEZ da nagusia: 1.700 euro. Zerga berezien bidez (alkohola, hidrokarburoak, tabakoa) 586 milioi bildu ziren.
Txostenak Next Generation diru-funtsei buruzko datuak ere ematen ditu. 2024n, Foru Administrazioak 613 milioi bildu eta 327 gastatu zituen.
Kontuak aztertuta, Kontuen Ganberak aldeko iritzia eman du, bai finantza auditoretzaz eta bai legezkotasunaz ere. Dena den salbuespenen bat aipatzen du: ez dela kontabilitate publikoaren plan orokorra bere osotasunean aplikatzen; eta kontratua amaituta duten zerbitzuengatiko gastuak daudela. Gastu horiek, batez ere, osasun arlokoak dira.
Nafarroako aurrekontuetan diru-laguntza izendunek izan duten hazkundea ere aipatzen da.
Adierazle ekonomikoen bilakaera positiboa
Adierazle ekonomikoak hobetzen segitzen dute. Aurreko urteko datuekin alderatuz, honakoak aipa ditzakegu: aurrekontu emaitza (96 milioitik 124ra), aurrezki gordina (687 milioitik 729ra) eta gastu orokorretarako diruzaintzako gerakina (196 milioitik 412ra). Zorrari dagokionez, jaitsi egin da, 2.695 milioitik 2.205era.
Txostenak gastuen igoerari ere erreparatu dio. Azken hamar urteotan, Foru Administrazioaren gastua %52 handitu da (%22 inflazioa kontua hartuta). Pandemiaren ondorioz bertan behera gelditu ziren zerga-arauak berriro martxan jarrita izanak ondorioa izanen du horretan, gastuak ezin izanen baitira neurri horretan igo.
Langileriaren egoera ere aztertzen da. Gastua %7 igo zen, aurreko urtekoarekin alderatuz. 2024ko amaieran, Foru Administrazioan 32.452 lagun ari ziren. Azken urteetan, Administrazioak langileak egonkortzeko prozesu batzuk egin ditu. Horren emaitza da behin-behinekotasunaren murrizketa: 2021ean, kontratatuen kopurua %27 zen: 2024ko amaieran, berriz, %16.
Txostenak Belateko tuneleko obra-lanak ere aipatzen ditu. 2024an, zortzi obra-ziurtapen ordaindu ziren, 5,5 milioiko kostuarekin. Obra egiten ari den enpresa elkarteak aurkezturiko aldaketa-proposamena ere aipatzen da. Herri-Lan Departamentuko zuzendari nagusiak 2004ko urrian onartu zuen. Kostua 8,5 milioikoa zen. Gobernuko kontu-hartzaile nagusiak, ordea, ordainketa bertan behera uzteko erreparoa aurkeztu zuen. Haren ustez, 2,5 milioiko gastua besterik ezin zen onartu. Lurralde-Kohesiorako Departamentuak erreparoa onartu eta ordainketa 2,5 milioira murriztu zuen.
Txostenak, ohi denez, sozietate eta fundazio publikoei buruzko informazioa ere eskaintzen du.
• Aurrekontu emaitza, aurrezkia eta diruzaintzako gerakina hobetu dira; zorra jaitsi egin da.
• PFEZren diru-bilketa %10 igo da; sozietateen gainekoa, berriz, %8 gutxitu da.
• Langilegoaren behin-behinekotasuna %16raino jaitsi da.
Txostenaren zirriborroa egin duen auditoreak behin-betiko txostenaren aurkako dokumentua egin du. Dokumentu hori eta presidentearen erantzuna ere jasota daude txostenean.
