Skip to main content

2026/05 Iruñeko emisio gutxiko eremua (2022-2025)

Argitalpen data

Kontuen Ganberak Iruñeko Emisio Gutxiko Eremuari buruzko txostena argitaratu du. Txostenak proiektua, eremuaren ezarpena, haren jarraipena eta bertan gastaturiko funtsak aztertu ditu.

Emisio Gutxiko Eremuak (EGE) klima aldaketa eta trantsizio ekologikoari buruzko 2021eko legeak arautu zituen. Eremu horietan, ibilgailuen sarrera mugatu egiten da, aire kalitatea hobetu eta berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko. Horren helburua da airearen kalitatea hobetu, zarata maila gutxitu eta klima-aldaketari aurre egitea. Legearen arabera, 50.000 biztanletik gorako hirietako mugikortasun jasangarriei buruzko planek Emisio Gutxiko Eremuak ezarri behar dituzte. Nafarroan, ordea, 10.000 biztanletik gorako hiri guztiak daude beharturik, Klima-Aldaketa eta Trantsizio Energetikoaren Foru Legearen arabera.

Iruñeko Udalak eginiko proiektu teknikoak dioenez, hiriko airearen kalitatea ona da legezko estandarren arabera. Munduko Osasun Erakundeak esandakoari erreparatuta, ordea, hobetu beharrekoa da airearen kalitatea. Trafikoa da airearen kalitatea gehien kaltetzen duena.

Zaratari dagokionez, badira Munduko Osasun Erakundeak eta Europaren eta Estatuaren legediak emaniko aholku batzuk. Nafarroako Ingurugiro Departamentuak Iruñerriko zaratari buruzko mapa estrategikoa egina dauka. Horren ondorioz, 2025-2029 eperako ekintza-plan batzuk egin dira.

EGEren ezarpena Iruñean

Iruñeko Udala 2022an hasi zen EGEren ezarpena prestatzen, enpresa bati proiektuaren enkargua eginez. Proiektuak bi fase ditu: lehenbizi parte zaharrean eta gero lehen et bigarren zabalgunean. Lehen fasea 2025eko abenduan jarri zen martxan. Horren ondorioz, ingurumen-bereizgarririk gabeko ibilgailuak ezin dira parte zaharrean sartu. Dena den, momentuz, salbuespen batzuk onartu dira.

Txostenak dioenez, proiektuaren eta 2025eko ordenantzaren edukiak arautegiaren araberakoak dira. Parte-hartze prozesuak sustatu ziren, arautegiak dioena betetzeko, baina parte zaharrera mugatu ziren. EGE kudeatzeko sistema bat martxan jarri da.

Kostu eta etekinei buruzko txostena ere egin zen. Txostenaren arabera, ez da behar bezain egokia. Parte hartze eta kontsulta prozesuak parte zaharrera mugatu dira; eta datu babeserako arriskua ere ez da kontuan hartu, eta horretaz azterketa egin beharko litzateke, legeak ere horixe eskatzen duelako.

Inbertsioari dagokionez, Udalak 1,3 milioi gastatu ditu. Gastu ia gehiena ANIMSA udal sozietate publikoari eginiko enkarguarena da, proiektua egiteko. Horren finantzabidea Garraio Ministeriotik dator. 900.000 euroko diru-laguntza eman zuen, Next Generation europar funtsak erabiliz.

EGEren kudeaketa-sistemak matrikulen irakurketa eta lur gaineko aparkalekuen kontrola ahalbideratzen ditu. Matrikulak irakurtzeko 65 kamera daude, beste bost tragikoaren azterketarako eta 375 aparkaleku-sentsore. Udaltzaingoaren hamabi ibilgailutan kamera kontrol sistema martxan jarri da.

Txostenak bi gomendio aipatzen ditu. Batetik, datu pertsonalen babeserako arriskua aztertzea; bestetik, Bigarren Zabalguneko EGE gaurkoturiko datuekin, parte-hartze prozesua eginez eta kostuen azterketarekin egin dadila.