Skip to main content

ASOCEX

2024/02 Aranguren Ibarreko Udalaren langileria, kontratazio publikoa eta diru-laguntzak (2022)

Argitalpen data

Kontuen Ganberak Arangurengo Udalaren 2022ko kudeaketa aztertu du. Txostenean hiru gairen legezkotasuna aztertzen da: langileria, kontratazio publikoa eta diru-laguntzak. Datuak 2022koak dira.

Aranguren 12.000 bat biztanleko udalerria da. Ez du erakunde autonomorik, ez udal sozietaterik.

2022an, Arangurengo Udalak 13 milioi gastatu eta 15 bildu zituen. Langileriaren gastua 4,2 milioikoa da, gastuen %32. Udal plantillak 77 lanpostu ditu. Horietatik 44 hutsik daude, gehienak (38) kontratazioen bidez beteak.

Udalak 32 lanpostu betetzeko enplegu publikoaren eskaintza du martxan. Haren helburua da prozesua urte bukatu aurretik amaitzea. 

Kontratazio publikoa: 6,1 milioi

Ondasun eta zerbitzuetako gastu arruntak 6,1 milioi dira, gastuen %46. Horietatik 5,4 material eta hornidurei dagozkie.

Kontuen Ganberak egiaztatu duenez, kopuru osotik 1.3 milioi kontratu txikiagotzat izapidetu dira, lizitaziorik gabe esleitzeko legezko mugak gainditu arren. Milioi bat energia eta gas hornidurari dagokio. Kontuan hartzekoa da lizitazio mota hori zaila dela, merkatuaren baldintzak oso aldakorrak direlako. Gainera, Udalak prezioen eta kontratazio baldintzen konparaketa egin zuen, hornidura enpresa batzuei eskaintzak eskatuta.

Kontratua amaituta duten zerbitzuei dagokienez, milioi eurotik gorako gastua dago metatuta 2022ra arte. 2022an, 228.000 euro ordaindu ziren epea amaitua zuten kontratuengatik. Gizartegintza eta Gazteria Programaren gizarte eta hezkuntza zerbitzuari, Interneteko  sarearen hornidurari, sorosle-zerbitzuei eta igeriketa-programei dagozkie. Lizitatu eta esleitu gabe geratu zen lehengoaren kasuan, martxan dago lizitazio berria.

600.000 euro diru-laguntza izendunetan

Diru-laguntza izendunei dagokionez, Arangurengo Udalak ia 600.000 euro eman zizkien 31 onuraduni. Nabarmentzekoa da Mutilvera kirol elkarteak jasotako diru-laguntza: 240.000 euro.

Azkenik, txostenak Next Generation funtsei buruzko informazioa ematen du. Udalak 62.000 euro gastatu ditu, nahiz eta 2022ko amaieran 12.500 besterik ez zituen jaso. Gastuaren zatirik handiena autokontsumorako eta energia berriztagarrietarako diru-laguntzetara bideratu da. 

Gomendioak

Txostenaren konklusioak ikusita, Kontuen  Ganberak gomendio batzuk ematen ditu: kontratu guztiak esleipen-prozedura egokien bidez lizitatzea; kontratazio prozedurak planifikatzea, kontratuen gehieneko indarraldia ez gainditzeko; eta diru-laguntzen ordenantza onartzea.