Skip to main content

2025/09 Next generation funtsekin finantzaturiko hezkuntza sisteko digitalizazio programa (2021-2024)

Argitalpen data

Hezkuntza Departamentuak 14 milioiko inbertsioa egin du ikastetxe publikoen digitalizazioan

2025eko ekainaren 11

Kontuen Ganberak eskolen digitalizazioari buruzko txosten bat egin du. Hezkuntza Departamentuak 14 milioiko inbertsioa egin du xede horrekin. Europak emaniko Next generation funtsak Nafarroako ikastetxe publikoetara bideratu dira.

Eraldaketa digitala da Espainiar Agenda Digitalaren helburu nagusia. Horren barnean dagoen ekimenetakoa da gaitasun digitala eskolan ere txertatzea. Hiru jarduera-ildo daude: eskuko ordenagailuak erostea, gela digitalak martxan jartzea eta irakasleendako prestakuntza. Finantzabidea Europak emaniko Next generation funtsetatik dator.

Nafarroak 14,2 milioi jaso ditu. Funts horiekin honakoa erosi du: 3.442 eskuko ordenagailu, 1.500 panel eta paneletan txertatu beharreko 4.600 prozesu-plaka. Hau guztia bakarrik ikastetxe publikoetarako erosi da.

Departamentuak gailuen ezaugarriak zehaztu zituen, gela digitaletarako ere irizpideak finkatuz. Hori dena aurretik eginiko ekimenak kontuan hartuz egin zen. Izan ere, Departamentua lanean aritua zen eskolen gaitasun digitala hobetzeko, IkasNOVA ekimenaren bitartez.

Espedienteak ongi bideratuta

Prozesuan bi espediente daude: gailu digitalak eta gela digitalak. Txostenak dioenez, bien kontratazio espedienteak ongi daude, legediaren arabera bideratu baitira. Gailuak entregatzeko epea 2024ko azaroaren 25ean amaitu zen. Urte amaieran, ordea, eskoletan banatu gabe zeuden, Departamentuan izaniko arazo teknikoengatik. Kontseilariak txostenari eginiko alegazioetan honakoa dio: “Honez gero, gailuak ikastetxe publikoetan banaturik daude. Lehentasuna eman zaie ikasle zaurgarriei, Hezkuntza Departamentuak berak ezarritako irizpideen arabera.

Gelen digitalizazioan bete egin zen epea, baina ez irakasleendako prestakuntza, atzeratu egin baita.

2024ko abenduaren 31n, 12 milioiko gastua zegoen konprometitua. Dena den, ez zegoen onarturiko gasturik, ezta euro bakar bat ordaindua ere. Arrazoia da egin beharreko lanak amaitu gabe zeudela.

Txostenak dioenez, ekipamenduaren kontrola ongi dago antolaturik, inbentario egoki baten bidez. Konpontzeke dago gailuak ikastetxeetatik kanpo konektatzeko modua. Hezkuntzako kontseilariaren hitzetan “kontu horri eskuko gailuak banatu ondoren helduko zaio”.

Arreta teknikoa Nafarroako Gobernuaren Erabiltzaileen Arreta Zentroaren esku dago. Dena den, aipaturiko zentroa ez da gai izanen erabiltzaile berriei arreta eskaintzeko. Kontuan hartzekoa da 250 ikastetxe direla, 20.000 ordenagailu baino gehiago, 50.000 Chromebook, panel ineraktiboak, kamerak…

Eta bada aurreikusi gabeko kontu bat: nola bermatu honek guztiak epe ertain eta luzean eskatuko dituen inbertsioak.

Ekipamendua berritu eta mantendu

Hezkuntza Departamentuak ongi bideratu du EcoDigEdu izeneko ekimena, europar funtsen erabilera egokia bermatzeko.

Txostenak honekin zer ikusia duen gai bat aipatzen du: ”Teknologia eskoletan erabiltzeaz dagoen eztabaida soziala”. Departamentuak ikasNOVA digitalizazio plana garatu du. Bertako ardatz nagusia digitalizazio arduratsu eta segurua da.

Txostenak, azkenik, gomendio batzuk ematen ditu. Batetik, ekipamendu teknologikoaren berritze eta mantentzea planifikatu behar dela; ordenagailuak ikasleei uzteko sistema ere arautu behar da, beti ere ikasle zaurgarrienei lehentasuna emanez; prestakuntza teknikoa eskaintzeko beharra ere aipatzen du; eta, azkenik, arreta teknikoaz eta mantentze lanez arduratuko diren profesionalak beharko direla dio.