Skip to main content

ASOCEX

2004/03 Araseko Udala (2002)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2004/03 Araseko Udala (2002) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Araseko Udalari buruzko txostena kaleratu du. Lana Nafarroako Gobernuak eskatu zuen, Udalak bidali zizkion kontuek finantza-egoera argitzen ez zutelakoan. Behin Gobernuak eskaera egin ondoren, Nafarroako Parlamentuak baiezkoa eman zion eta Comptos Ganberak lanari ekin zion. Txostenak azterturiko datu gehienak 2002koak dira, baina aurreko bi ekitaldietako jarduera ere aztertu da.

1999ko hauteskundeen ondorioz bost zinegotzik osatu zuten Araseko Udala. Legegiltzaldiaren lehenbiziko urtean, ordea, hiruk kargua utzi egin zuten. Horren ondorioz, Gobernuak batzorde bat izendatu zuen. Karguan segitzen zuten zinegotziekin batera, Gobernuak berak izendatutako bi lagunek osatu zuten batzordea. Aurtengo hauteskundeen ondoren, batzordeak lanari utzi zion.

Comptos Ganberak txostenean azterturiko gaiak honakoak dira: aurrekontu kitapena, ondare egoera, legezkotasuna eta finantza-egoera. Honekin batera, eta Gobernuak haren eskaeran esan zuena kontuan hartzeko asmoz, bestelako helburuak ere finkatu ziren: gastu eta ordainketen azterketa berezia eta Udalaren zordun eta hartzekodunena.

Udalaren kudeaketa sistema txarraren ondorioz, lana egiterakoan muga eta arazo batzuk izan dira: Udal osoko bileran harturiko akordio batzuk ez daude aktetan jasota; barne kontrolik ez dago; 2003ko kontabilitarik ez dago, ezta ondasun zerrendarik ere; eta Roda Vieja udal elkartearen konturik ere ez dago.

Bestalde, aipatzekoa da lau idazkari aritu zirela Arasen aurreko legegintzaldian, eta horrek ere lana zaildu egin du.

Txostenak 2000, 2001 eta 2002ko aurrekontu kitapenak aztertu ditu. Datu horien arabera, 2000n Araseko Udalak 164.000 euro bildu eta 308.000 gastatu zituen. Hurrengo urtean 657.000 euro bildu eta 718.000 euro gastatu zituen. Azkenik, 2000ko ekitaldian dirusarrerak 354.000 eurokoak izan ziren eta gastuak milioi eurotik gorakoak.

Aurrekontu kitapenaz, oso iritzi kritikoa du Comptos Ganberak. Izan ere, legeak aginduriko prozedurak ez dira kontuan hartu eta ez dago kontabilitaterik. Kontuak urte amaituta egiten dira, bankuen eta hornitzaileen informazioan oinarrituta.

Gainera, ez dago jakiterik udal aurrekontuek jasotako gastu guztiak udalarenak direnik.

Txostenak neurriz kanpoko gastuak ere azpimarratzen ditu. Horien artean, 16 telefono mugikor eta 7.000 euroko faktura telefono gastuetan; garbiketa produktuetan gastaturiko 20.000 euro; festetan gastaturiko 70.000 euro; jatetxe, arnotegi eta bidaietan eginiko gastuak; eta baita alkatearen eta zinegotziaren dietak ere, 12.000 euro egiten dutenak.

Aurretik aipaturiko mugen ondorioz (Udalaren funtzionamendu txarrak eraginda) ezin da aurrekontu kitapenari buruzko iritzirik eman, ez baitago jakiterik kitapenak finantza egoera islatzen duen ala ez. Muga horien ondorioz ere, Udalaren ondare egoeraz ezin da deus erran.

Legezkotasunari dagokionez, Udalak behin eta berriro eta arlo askotan urratu du legea: aktetan ez dira akordio guztiak jasotzen; aurrekonturik gabeko gastuak onartzen dira, eta horren ondorioz gastuak dirusarrerak baino handiagoak direnez, ekonomia egoera oso larria da; barne kontrolik ez dago; kontratazio espedienterik gabeko inbertsioak egin dira; inbertsioetan ere badira beste lege hauste batzuk: Udalak Gobernuaren diru-laguntzak jaso ditu obren kontratistei pagatzeko eta ez die ordaindu; eta inbertsioetarako diru-laguntzak jaso ditu, inbertsioak egin ez badira ere.

Aipatzekoa da Udaleko idazkariak jarduera hauek behin baino gehiagotan salatu zituela, bai osoko bilkuretan eta baita txostenetan ere. Udalaren finantza-egoera larria ere askotan mahaigaineratu zuen.

Azken gai honi dagokionez, Comptos Ganberak dio oso zaila dela zorraren zenbatekoa finkatzea, aurretik aipatu ditugun mugak direla eta. Dena den, auditoreek eginiko kalkuluen arabera 1.640.000 eurokoa izan daiteke. Txostenak dioenez, ez dago argi gastu guztiak Udalarenak diren ala ez, eta zorraren zenbateko zehatza jakiterik ez dago, baina gauza bat begi bistakoa da: Araseko Udala ez dela gai duen zor mailari aurre egiteko.

Laburbilduz: Araseko Udalaren kudeaketa legearen aurkakoa izan da, oinarrizko prozedurarik errespetatu gabe egin delako. Horren ondorioz, Udalaren finantza-egoera oso larria da.

Txostenak egoera hobetzeko neurri batzuk proposatzen ditu. Hasteko, gertaturikoaz erantzukizunak eskatu behar dira. Ondoren, legezko udal jarduera berreskuratu behar da eta Udalak bidegarritasun plana onartu behar du, gaurko finantza-egoera larria hobetzeko saiatzeko.