Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2022/10 Behar bereziak dituen ikasleriarendako hezkuntza-arreta (2018-2021) (Nafarroako Kontuen Ganberak behar bereziak dituen ikasleriak jasotzen duen hezkuntza-arretari buruzko txostena argitaratu du.
Ikasleria hori lau taldetan dago banaturik: gizarte-egoera ahuleko ikasleak, ikasteko zailtasunak dituztenak, hezkuntza-premia bereziak dituztenak eta adimen-gaitasun handikoak.
Azken urteotan, hezkuntza ereduan aldaketa bat izan da, legedian islatua. Helburu nagusia da laguntza-premia duten ikasleak ikastetxe arruntetan eskolatzea. Badira hezkuntza bereziko zentroak. Ikaslearen desgaitasun-mailak hori gomendatzen badu, zentro horietara bideratzen da.
Ikastetxeetan, beraz, ikasleen arteko desberdintasunei erantzun behar zaie. Horretarako doikuntza pedagogikoak egiten dituzte, eta profesionalen errefortzu profesionalak ere jasotzen dituzte: orientazioko langileak, pedagogia terapeutikoa, entzumeneko eta hizkuntzako irakasleak, zaintzaileak eta fisioterapeutak.
Hezkuntza saileko Gizarteratze, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzua arduratzen da laguntza-premiak dituzten ikasleei arreta emateaz. Zerbitzu horren barnean dago HBBZ (Hezkuntza Berezirako Baliabide Zentroa). Haren zeregina da ikastetxeei laguntzea, laguntza-premia duten ikasleen arreta egokia bermatzeko.
27.471 ikasle, guztien %30
Txostenaren arabera, iaz 27.471 ikaslek jaso zuten laguntza-premia espezifikoa. Azken hiru urteotan %16 igo ondoren, ikasleriaren %30 da.
Portzentaje hori Estatuko handiena da. Gainerako komunitateetan %5etik %20 arteko tartean dago. Horren arrazoia da behar bereziak dituzten ikasleen errolda egiteko irizpide argirik ez dagoela. Autonomia batzuek, esaterako, ez dute kontuan hartzen gizarte eta hezkuntza desabantaila premia bereziko ikasleria erroldatzean.
Eta horixe da, hain zuzen, Nafarroan laguntza-premia duten ikasleen portzentajerik handiena: %47. Azken urteotan, kopuruak gora egin du. 2017-2018 ikasturtean 12.174 ziren. Iaz, berriz, 13.000. Bigarren talde handiena ikasteko zailtasunak dituzten ikasleena da: %35; %10k desgaitasun edo nahasmendu motaren bat du; eta, azkenik, %3 adimen-gaitasun handiko ikasleak dira.
Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen %92 ikastetxe arruntetan daude matrikulaturik. Gainerakoak ikastetxe berezietan daude, desgaitasun larria duten ikasleendako prestatuak. Nafarroan mota honetako lau daude: Iruñean, Andres Muñoz Garde eta El Molino; Iberon, Isterria; eta Tuteran, Torre Monreal.
%75, ikastetxe publikoetan
Hezkuntza Departamentuak eskolatze-indize bat egiten du urtero eta ikastetxeko, premia espezifikoak dituzten ikasleak kontuan harturik. Horretarako, EDUCA kudeaketa-programa funtsezkoa da, ikasleen errolda duelako.
Kontuen Ganberak erroldaren garrantzia azpimarratzen du, ikastetxeen egoera ezagutu eta baliabideak banatzeko funtsezkoa delako. Ikasleen banaketa orekatua egiteko ere baliagarria da. Kontu honetan, hala ere, bada ahuldade puntu kezkagarria, behar bereziak dituen talde nagusiari dagokiona: ikastetxeetan ez dagoela irizpide bateraturik gizarte-egoera ahuleko ikaslea nor den zehazteko. Horren ondorioz, errolden datuak ere ez dira behar bezain fidagarriak.
Ikasleriaren banaketa ez dago orekatua ikastetxe publiko eta itunpekoetan. %75 publikoetan dago matrikulaturik. Itunpekoek (%36ko portzentajearekin) ikasleen %25 hartzen dute. Desoreka, funtsean, gizarte-egoera ahulean dauden ikasleengan dago, gehien-gehienak ikastetxe publikoetan daudelako.
Nafarroako Gobernua egoera irauli eta banaketa orekatuagoa lortzeko lanean hasia da. LOMLOEk berak (2020ko lege organikoa) ezarri du eskakizuna.
Aipaturiko indizeari jarraituz, itunpeko ikastetxeen %73k eta publikoen erdiek indize positiboa dute, hau da, mota horretako ikasle gehiago har ditzakete. Hizkuntza-ereduaren araberako azterketa eginez, gaztelaniazko ikastetxeen %43k indize positiboa dute, eta D ereduan %92ra heltzen da.
Hezkuntza Berezirako Baliabide Zentroaren (HBBZ) egoera ere aztertu da. Zentroaren zeregina da behar berezien arloan ikastetxeei laguntzea. 80 profesional ditu, eta horietatik 17 baino ez dira plantillako langile finkoak. Gainerakoak zerbitzu-eginkizunean daude, alegia, lanpostua beste toki batean duten eta aldi baterako zentroan ari diren langileak dira.
Kontuen Ganberak langileria egonkortzea eskatzen du, haren funtzionamendua hobetu eta hezkuntza-komunitatearentzat erreferentziazko zentroa izan dadin.
Finantzaketa-defizita itunpeko ikastetxeetan
Ikastetxeei ematen zaizkien baliabideen finantzaketa ere aztertu da. Txostenak dio irakaskuntza publiko eta itunpekoan irizpide ezberdinak daudela. Ikastetxe publikoei dagokienez, Departamentuak irakasle espezialisten ordu kopuru bat finkatu eta ikastetxeetan banatzen du, behar bereziak dituzten ikasleen erroldaren arabera. Errefortzu hori honako arloetako espezialistek egiten dute: Entzumeneko, Hizkuntzako, Gutxiengoetako eta Pedagogia terapeutiko irakasleak.
Itunpekoetan, berriz, diru-laguntza deialdi bat dago urtero, Gobernuak onartzen duen gastu-mugarekin. Horren ondorioz, itunpeko ikastetxeetan baliabide eskasagoak dituzte. Kontuen Ganberak eginiko kalkuluen arabera, itunpekoek irakasle espezialisten ia 2.000 orduko defizita dute.
Azkenik, txostenak bi gomendio azpimarratzen ditu. Batetik, behar espezifikoak dituzten ikasleei behar adina baliabide bermatu behar zaiela; eta, bestetik, ikasleen erroldaren kontrola, jarraipena eta ikuskapena hobetu behar direla.