Skip to main content

ASOCEX

2004/14 Corellako Udaleko kiroldegiaren eraikuntza (1997-2003)

Argitalpen data

Nafarroako Comptos Ganberak Corellako 2002ko kontuei buruzko txostena kaleratu du. Horretaz gain, herriko kiroldegiaren eraikuntzari buruzko txosten berezia ere egin du.

Lehenbiziko txostenak honako gai hauek aztertzen ditu: aurrekontu kitapena, ondare egoera, legezkotasuna eta udal finantza egoera.

Txostenak dioenez, Corellako Udalak 5 milioi euro gastatu eta 5,9 milioi bildu zituen. Egin beharreko kontu egokitzeak egin ondotik, urteko superabita 12.000 eurokoa izan zen.

Urte amaierako zorra, berriz, 1,8 miliokoa izan zen. Dirutza hori inbertsioen finantzaketarako erabili zen. Urte amaieran Udalak 61.000 euroko diruzaintzako gerakina zuen.

Txostenak San Jose Zahar Etxeko datuak ere eskaintzen ditu. Udal erakunde autonomoaren aurrekontua 565.000 eurokoa da eta %92 bertan bizi direnek pagaturikoari esker finantzatzen da. Ekitaldiaren amaieran 4.000 euroko defizita zuen. Epe luzerako zorra, berriz, 138.000 eurokoa zen.

Comptos Ganberak dioenez, aurrekontu kitapenak ongi islatzen du urteko ekonomia jarduera. Egoera balantzeak ere ongi islatzen du Udalaren finantza egoera, baina salbuespen bat dago: udal ondasun zerrenda. Izan ere, zerrenda hori 1991koa da eta, beraz, eguneratu egin behar da.

Legezkotasunari dagokionez, oro har, indarrean dagoen legedia betetzen da, baina salbuespen bat dago: kiroldegiaren obrak. Espediente horretan beste txostenak zehatz-mehatz aipatzen dituen irregulartasun aunitz daude.

Kontuei buruzko txostenak gomendio batzuk biltzen ditu, hemendik aurrera udal kudeaketa hobea izan dadin. Horien artean, barne kontrol sistema indartzeko beharra azpimarratzen da.

Esan bezala, udal kontuak fiskalizatzeaz gain Comptos Ganberak espediente bati buruzko txoste berezia egin du: udal kiroldegiaren eraikuntza.

Txostenak dioenez, bi proiektu egin ziren: orokorra eta obren zuzendaritza eta segurtasuna finkatu zituena. Lehenbizikoa Udal Gobernu Batzordeak onartu zuen 1997ko apirilean, zenbatekoa eta obrak egiteko epea finkatu gabe. Adjudikazioa eta kontrataziorako legez beharrezkoak diren tramiteak ez ziren bete, eta 72.000 euroko gastua ez dago justifikaturik. Horren aurrean udal kontu hartzaileak ordainketa geldiarazi nahi izan zuen, baina Udalak aurrera egin eta dirua ordaindu egin zuen.

Comptos Ganberaren txostena egiten ari zela, proiektua egin zen garaian udal agintea zuten ordezkariek S.A.S. enpresaren faktura bildali ziguten. Faktura (1997ko azaroaren 20koa) 84.000 eurokoa da. Nolanahi ere, fakturak ez du Udalaren sarrera erregistrorik.

Beste proiektua (obraren zuzendaritza eta segurtasuna) Udal Gobernu Batzordeak onartu zuen 1999ko urrian. Aurrekoan bezala, honetan ere adjudikazioa egiterakoan ez ziren bete Kontratuen Foro Legeak aginduriko prozedurak. 20.400 euroko gastuari dagozkion fakturak daude. Proiektuaren garestitzea ez dago justifikaturik.

Hilabete geroago ¿1999ko azaroan- Corellako Udalak obren aurrekontua onartu zuen, urgentziazko prozedura erabiliz. Nafarroako Gobernuak emaniko 300.000 euroko dirulaguntza izan zen prozedura horren arrazoia.

Comptos Ganberak espedientearen irregulartasun batzuk aipatzen ditu, horien artean kontu hartzailearen txostenik eza eta obrak egiteko epea 10 hilabetekoa bazen ere, 24 hilabetera luzatu zela. Aipaturiko luzapena ez zen onartu eta kontratuak aurreikusten zituen isunak ere ez ziren ordainarazi.

Txostenak obra osagarriak ere aztertu ditu: futbol zelaia belarrezkoa egitea, aldageletako aldaketak, atletismo pista eta zelaia ureztatzeko "kañoi sistema". Proiektua proiektu orokorraren egileari zuzenean eman zitzaion, txosten juridikorik eta kontu hartzailearen txostenik aurkeztu gabe. Kontratua ere ez zen sinatu, ezta obra burutzeko epea finkatu ere. Proiektua onartzeko aktarik ere ez dago.

Gobernu Batzordeak 2001eko apirilean egin zuen adjudikazioa. Obra orokorra egiten ari zen enpresa berak hartu zituen obra osagarriak. Espedientean kontu hartzailearen txostena falta da. Kontraturik ere ez zen egin eta obrak jasotzeko aktarik ere ez da ageri. Obra osagarriek, guztira, 200.000 euro egin zuten. Uste baino garestiagoa izatez gain, ez zen ureztatzeko sistema egin eta espedienteak ez du azaltzen bi prezioen arteko aldekaren arrazoirik.

Comptos Ganberak dioenez 1998tik 2003 arte Corellako Udalak kiroldegiarekin zer ikusia duten ordainketa auitz egin ditu. Alkateak berak zuzenean eginiko enkarguak dira. Fakturak haren oneritzia daramate. Kontu hartzailearen aurkako oharrak behin baino gehiagotan agertzen dira ordainketa hauetan. Ordaindurikoak, guztira, 180.000 euro egiten du.

Azkenik, txostenak igerileku estalia aipatzen du. Obra 2003ko maiatzean adjudikatu zen, 2,3 milioitan. Obren proiektua 2002ko azarokoa da, baina udaletxean ez dago ez kontratazio espedientea eta ezta horren gastua ere. Gaur egun obrak geldirik daude.