Skip to main content

ASOCEX

2024/03 Eguesibarko Ibarreko Udalaren langileria, kontratazio publikoa eta diru-laguntzak (2022)

Argitalpen data

Kontuen Ganberak Eguesibarko Udalaren 2022ko kudeaketa aztertu du. Txostenean hiru gairen legezkotasuna aztertzen da: langileria, kontratazio publikoa eta diru-laguntzak.

Eguesibarrek, ia 22.000 biztanle izateaz gain, udal sozietate bat dauka: Andacelay izenekoa. 2004an sortu zuten hirigintza kudeatzeko, eta gaur egun, udal eraikinen, haur eskolen eta familientzako arreta-zentroaren garbiketa kudeatzen du.

Txostenak adierazten duen bezala, Eguesibarko Udalak 2022an 15 milioi gastatu zituen eta 17 irabazi. Udal sozietateari dagokionez, ia 2 milioi kobratu zituen.

126 lanpostutik 71 huts

Eguesibarko Udalak 6.8 milioi gastatu zituen langilerian, gastuen %46. Udalak 167 langile ditu, eta horiei Andacelay sozietateko 63 langileak gehitu behar zaizkio.

2020an onetsiriko plantilla organikoak 126 lanpostu zituen: 55 beteak eta 71 hutsik. Azken horietatik, 60 kontratazioaren bitartez daude beterik.

Udalak 54 lanpostu betetzeko enplegu publikoaren eskaintza du martxan, behin-behineko tasa gutxitzeko asmoz.

Kontratazio publikoa: 4.6 milioi

Ondasun eta zerbitzuetako gastu arruntak 4.6 milioi dira, guztizkoaren %31. 4.6 milioi horietatik, 2 material eta hornidurei dagozkie, eta beste 2, Andacelay sozietateak egindako lanari.

Kontuen Ganberak egiaztatu duenez, kopuru osotik 20.795 euro kontratu txikiagotzat izapidetu dira, lizitaziorik gabe esleitzeko legezko mugak gaindituz. Posta kontuak mantentzen (8.000 euro)  eta inprimatze zerbitzuetan (12.500 euro) eginiko gastuak nabarmentzen dira.

Kontratua amaituta duten prestazioei dagokienez, 115.000 euroko gastua dago metatuta 2022ra arte. Berdeguneak mantentzeari (59.000 euro) eta bizitza eta istripu aseguruei (56.500 euro) dagozkie. 2022an, zehazki, kontratatua amaitua duten prestazioengatik ordainduriko gastua 79.000 eurokoa izan zen. Udalak lizitazioa martxan jarri bazuen ere, hutsik geratu zen.

105.500 euro diru-laguntza izendunetan

Diru-laguntza izendunei dagokionez, 105.000 euro eman zizkien 26 onuraduni, 1.000 eurotik 30.000ra bitarteko kopuruarekin. Txostenak adierazten du, oro har, esleipena, egiaztapena eta ordainketa gaur egungo araudiaren arabera egin zirela.

Azkenik, Kontuen Ganberak dio 2021-2022ko epean, Eguesibarko Udalak Next Generation Funtsetatik 985.000 euro jaso zituela eta 111.000 euro gastatu. Inbertsio horren zatirik handiena bidegorrira (84.000 euro) bideratu zen, eta gainerakoa oinarrizko gizarte-zerbitzuen modernizazio digitalera. 

Gomendioak

Hori esanda, Kontuen Ganberak uste du Eguesibarko Udalaren 2022.ekitaldiko langileen, kontratazioaren eta diru-laguntzen arloko jarduerak bat datozela funts publikoen kudeaketari aplikatu beharreko araudiarekin.

Hala ere, txostenak gomendatzen du langileen arloko barne-kontrola indartzea nominetan akatsak saihesteko, diru-laguntzen plan estrategiko bat onartzea eta udal taldeen finantzaketa justifikatzeko erregimena garatzea.