Skip to main content

ASOCEX

2000/13 Ezinduak (1995-1999)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2000/13 Ezinduak (1995-1999) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak \"Discapacitados\" izeneko aurrekontu-sailari buruzko fiskalizatze txostena kaleratu du. Txostena Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak eskatu zuen iazko urrian.

Aipaturiko aurrekontu-saila Nafarroako Ongizate Institutuak kudeatzen du. Hortara bideraturiko 3.140 milioiko dirutzaren bidez honako helburuak lortu nahi dira: gutxituen atentzio osoa, hezkuntza eta osasun sareetan eta lan merkatuan sartzea eta gutxituen zentroak beraien beharretara egokitzea. Zeregin horietan 141 langile ari dira, horietako 113 San Jose zentro publikoan.

Txostenak badu muga garrantzitsua hasierako helburuak aztertzeko. Izan ere, aipaturiko aurrekontu-sailari ez zaio xede neurgarririk ezarri eta, beraz, lorturiko eraginkortasunaz ezin da deus esan. Alde horretatik, Kontuen Ganbarak maiz aipaturiko gomendioa gogoratzen du: Nafarroako Gobernuak aurrekontu sistema egokiagoa martxan jar dezala, helburu eta helburuak neurtzekoak argiak izan daitezen. Nafar Administrazioak heldu den urtean martxan jarriko duen aurrekontu sistema berriak hori zuzentzeko eskatzen du Kontuen Ganbarak.

31.000 ezindu

Txostenak emaniko datuen arabera, 31.000 ezindu bizi dira gure lurraldean, biztanleriaren ehuneko 6a. Gutxituen ehuneko 44 Iruñerrian bizi da eta ehuneko 16k besteen laguntza behar du etengabe. Gutxituen ehuneko 42 66 urtetik gorakoa da eta langabezi tasa bataz bestekoen gainetik dago nabarmen, halako hiru baita.

Nafarroan bi zentro publiko dira: San Jose eta Lur-Gorri. Hauek 91 ezindurendako tokia eskaintzen dute. Horrez gain, bada beste zentro bat gutxituen diagnostikoa egiteaz arduratzen dena. Kontuen Ganbararen txostenaren arabera, zentro horiek kudeaketa sistema hobetu behar dute funtzionamendu arau argiak finkatuz. Halaber, txostenak zerbitzu zentralekiko harremanak arautzeko beharra azpimarratzen du.

Bestalde, Kontuen Ganbararen iritziz zentroetako aurrekontu sistema aldatu beharko litzateke zerbitzuen benetako kostua ezagutzeko.

Kontuen Ganbarak San Jose zentroaren egoera kezkagarria aipatzen du, Gobernuak zentroa konpondu edo berri egin azkar erabaki behar duela azpimarratuz.

Zentro publikoak ezezik, erakunde eta enpresek kudeaturiko 11 zentro daude Nafarroan, guztira 583 gutxiturendako tokia eskaintzen dutenak. 1999an Gobernuak 1.820 milioiko dirutza eman zien. Kontuen Ganbarak erakunde eta enpresekiko itunak urtero aztertzeko gomendioa ematen dio Gobernuari. Kontuen Ganbarak zentroen kudeatzaileen kontuak eta auditoretza-txostenak aztertzea derrigorrezkotzat jotzen du, zentroen kudeaketa egokia eta bidegarritasuna kontrolpean daudela ziurtatzeko.

Aipatutakoez gain, bada beste zentro-mota bat: ezinduendako jarduerak antolatzen dituena. Kasu honetan helburu terapeutiko dute ezinduei eskainiriko lanak, zentro horietara joaten direnek ezin baitute lan arruntik egin. Nafarroan sei zentro daude eta 618 gutxitu biltzen dituzte. Nafarroako Gobernuak 427 milioiko laguntza eman zien iaz.

Azken zentro hauei dagokienez, Kontuen Ganbarak dio dirulaguntzak hobeki kontrolatu behar direla. Kontuen Ganbarak laguntzen araupena, jarraipena eta kontrola hobetzeaz gain, ezinduei ematen zaien diru-sarietarako irizpide garbiak eskatzen ditu.

Kontuen Ganbararen txostenak gutxituen atentzio-sistemak duen beste arazo bat azpimarratzen du: gaixo sikiko kronikoendako toki falta. Izan ere, orain dela gutxi arte Nafarroan ez zegoen beraiendako zentrorik, ez publikorik eta ezta kontzertaturik ere. Horregatik, arazo hori zuten gaixoek beste lurraldetara joan behar zuten. Berriki 42 plaza kontzertatu dira eta, beraz, arazoa konpontzen hasi dela esan daiteke.

Beste arazo bat ezinduendako zentroetan sartu nahi eta tokirik ez dutenena da. Egoera horretan 97 lagun daude eta beste 31 ezinduk asistentzia-mota aldatzea eskatua dute. Kontuen Ganbarak dioenez, administrazio publikoek ahalegina egin behar lukete eskaera horri ahalik eta azkarren erantzuteko.

Laburbilduz, \"Discapacitados\" izeneko aurrekontu-sailak helburu eta helburuetarako neurgailu argiak behar ditu, hortara bideraturiko dirutzaren eraginkortasuna aztertu ahal izateko. Nafarroako Gobernuak hobeki kontrolatu behar ditu zentroei ematen dizkien diru-laguntzak, bereziki ezinduendako jarduerak antolatzen dituzten zentroei emanikoak. Azkenik, Kontuen Ganbarak zentroetan tokirik ez duten ezinduen arazoa ahalik eta azkarren konpontzeko beharra azpimarratzen du.