Skip to main content

2022/12 Gizain, zerbitzu publikoen kudeaketarako nafar fundazioa

Argitalpen data

Kontuen Ganberak Gizain Fundazioari buruzko txostena argitaratu du, Navarra Suma parlamentu-taldeak eskatuta.

Gizain Nafarroako Gobernuak sorturiko fundazioa da. 2019an sortu zen gizarte zerbitzu batzuk kudeatzeko: zerbitzu sozialen zentroak, adingabeen harrera-zentroak, familien baloraziorako zerbitzuak eta gazte-justiziaren eguneko zentroa.

Ordura arte, zerbitzu horiek entitate pribatuen esku zeuden. Fundazioak bere gain hartzean, horietan lanean ari zen langileria ere hartu zuen, garaiko lan-baldintza berberak errespetatuz. 2021ean, fundazioak lan-hitzarmen propioa onartu zuen.

Aurtengo maiatzean, Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak AUNA izeneko proiektua garatzeko enkargua egin zion fundazioari. Proiektuaren helburua da laguntza konplexuak behar dituzten pertsonendako enplegua sortzen laguntzea. Horretarako, kudeaketa integratua egiten du, herri batzuetan dituen tramitazio-atalen bidez. Gizarte laguntzak eta enplegua erabiltzen ditu tresnatzat. Lan bila dabilen bakoitzarentzat ibilbide bereziak prestatzen ditu, eskaera eta eskaintza uztartuz. Proiektuak hiru milioiko aurrekontua du, eta Europak finantzatua da.

2019tik, ikuskatuak daude fundazioaren kontuak. Iritzia aldekoa da. Sortu zenetik orain arte, Gobernuak 9,3 milioi gastatu ditu fundazioan.

Gizain Fundazioak 75 langile zituen iaz, eta 1.507 erabiltzaileri eman zien arreta. AUNA proiektua kudeatzeko beste 56 lagun kontratatu ditu.

Kontuen Ganberak dioenez, fundazioa ez da gizarte zerbitzuak kudeatzeko figura juridiko egokiena. Haren sorrera justifikatu zuen Gobernuaren txostenak horixe aitortzen zuen. Aurrekontu-mugak, ordea, erakunde autonomoa sortzea eragozten zuen. Horretatik, Gobernuak fundazioaren alde egin zuen.

Fundazioa sortzeko garaian egin ziren azterketetan hutsune bat izan zen: zerbitzu horietan ari zen langileriaren kostuaren igoerari buruzkoa.

Fundazioa garestiago ateratzen da kudeaketa pribatua baino, hitzarmen propioak handitu baitu langileriaren gastua. Gizarte zerbitzuen zentroetan, %12 handiagoa da gastua. Orientazio eta harrera-zentroetan, berriz, gastuak %16 igo da.

Dena den, kudeaketa pribatuarekin jarraitu izan balitz, gastua ere lehen baino handiagoa litzateke, Nafarroako sektorearen lan-hitzarmena aplikatu beharraren ondorioz. Fundazioaren lan-hitzarmenaren eta Nafarroako sektorearen lan-hitzarmenaren arteko aldea %3,4koa da, fundazioaren alde.

Konklusio horiek ikusita, Kontuen Ganberak gomendio batzuk eskaintzen ditu. Horietako bat, Nafarroako Gobernuak hori bezalako entitateen gaineko kontrol bikoitza egin ditzala: helburuen betetzeaz eta finantza egoeraz.