Skip to main content

ASOCEX

2013/03 Iruñeko Udala (2011)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2013/03 Iruñeko Udala (2011) ()

Nafarroako Kontuen Ganberak Iruñeko Udalaren 2011ko fiskalizazio txostena plazaratu du. Txostenak honako gai hauek aztertzen ditu: kontu orokorra, legezkotasuna, finantza egoera eta Kontuen Ganberak azken txostenetan eginiko aholkuen jarraipena.

Txostenak dioenez, 2011n Iruñeko Udalak 229 milioi gastatu zituen. Diru-sarrerak, berriz, 253 milioikoak izan ziren. Gastuetan langileriarena dira nagusiak: 82 milioi. Hurrengoa ohiko ondasun eta zerbitzuen erosketa da, 72 milioirekin. Inbertsioetan 46 milioi gastatu ziren.

Diru-sarrerei dagokienez, ohiko transferentzietan 91 milioi gastatu ziren, zuzeneko zergek 49 milioi egin zuten, eta tasa eta prezio publikoei esker 30 milioi bildu ziren.

Kontu orokorrak ongi islatzen ditu ondasun eta finantza egoera, eta baita urte amaierako emaitza ekonomikoa ere. Dena den, salbuespen bat aipatzen da: balantzeak ez dituela kontuan hartu Udalaren pentsio sistemak sortzen dituen beharrak. Udalak berak egina duen azterketa baten arabera, aipaturiko pentsio sistemak urtean 21 milioi euroko kostua du.

Legezkotasunari dagokionez, Iruñeko Udalaren finantza jarduerak indarrean dagoen legedia bete egiten du.

Ekonomia egoera ere aztertu da. Batetik, aipatzekoa da urte amaierako aurrekontu emaitzak 18 milioiko superabita eman zuela. Dena den, azken urteotako bilakaerak argi erakusten du zorra nabarmen igo dela. 2008an 72koa zen bitartean, 105 milioiraino heldu zen 2001ko amaieran.

Bestalde, inbertsioen jaitsiera ere nabarmena da. 2010eko datuekin alderatuz, %43 murriztu ziren. Zergen bidezko sarrerek, ordea, gora egin dute, eta Udalak likidezia berreskuratu du, batez ere 2011an harturiko zorrari esker.

Txostenak hiru gomendio nagusi aipatzen ditu. Batetik, egin beharreko inbertsioak ongi azter daitezela, ekonomia-jarduera eta enplegua bultzatzeko balio dutenak lehenetsiz. Bestalde, berriki urbanizaturiko eremuetako landa-lurren kalifikazioa alda daitezela. Eta, azkenik, barne kontrola areagotu dadila, ekonomia-kudeaketa hobetzeko behar-beharrezkoa baita.