Skip to main content

ASOCEX

2021/01 Menpekotasun Legearen ordainketen kudeaketa eta kontrolaren jarraipena.

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganberak Menpekotasun Legearen ordainketei buruzko txostena egin du. Lanaren helburua da aurreko txostenetan eginiko gomendioak zenbateraino bete diren aztertzea. Menpekotasunari loturiko kudeaketa Pertsonen Garapen eta Autonomiarako Nafar Agentziaren ardura da. Agentzia hori Eskubide Sozialen Departamentuko erakunde autonomoa da. 

2014an, Kontuen Ganberak gaiari buruzko txosten bat argitaratu zuen. Bertan, menpekotasun legearen ordainketen kudeaketa eta kontrola aztertu zituen. Urte berean, Madrilgo Kontu Epaitegiak Estatuaren gastuei buruzko txostena egin zuen. 

Kontuen Ganberak dioenez, Nafarroan menpekotasuna aitortua duten 17.000 bat lagunek jasotzen dituzte zerbitzu sozialen zerrendako zerbitzuren bat: oinarrizko arreta, menpekotasun-arreta, adinekoen arreta, urritasun edo buruko gaixotasuna dutenen arreta, bazterturikoen arreta, adingabeena eta emakumeen aurkako indarkeria jasan dutenen arreta.  

2019an, Nafarroako Gobernuak 130 milioi gastatu zituen zerbitzu horietan, aurreko urtean baino %7 gehiago. Estatuaren gastua 14 milioi izan zen eta onuradunen ekarpena  42 milioi. 

Pertsonen Garapen eta Autonomiarako Nafar Agentziak menpekotasuna baloratzeko 60 profesional ditu. 2019an, 20.000 eskaera jaso zituzten, aurreko urteetako zenbateko beretsua. Legez, menpekotasuna ematea ala ez erabakitzeko sei hilabeteko epea dago, eskaera jasotzen denetik.  

Kontuen Ganberaren esanetan, Agentziak martxan jarri ditu aurreko txostenetan eginiko gomendio gehienak. Horri esker, nabarmen hobetu da kudeaketa, hainbat arlotan: kobrantzen eta kobratu gabekoen kontrola; informazioa etengabe gaurkotu eta Insersori ematen zaio, hildakoen kontrola barne; eta eskariak baloratu eta menpekotasuna onartzeko epea ere betetzen da. 

Badira oraindik hobetu beharreko kontu batzuk. Horietako bat, kontabilitate analitikoa martxan jartzea, menpekotasunaren gastua eta hari loturiko prezio publikoak hobeki zehazteko. Azkenik, txostenak menpekotasunari loturiko gastuetarako aurrekontu diru-sail bereziak eskatzen ditu