Skip to main content

ASOCEX

2007/25 Nafar Gobernuaren etorkizuneko gastuei buruzko txostena

Argitalpen data

Nafarroako Comptos Ganberak Gobernuaren etorkizuneko gastuei buruzko txostena ezagutarazi du. Hiru konpromisok eraginiko gastuak dira azterturikoak: funtzionarien montepioak, Bideko Autobidea eta Nafarroako Ubideko leku ureztagarrien azpiegiturak. Txostena Nafarroako Alderdi Sozialistak eskatu zuen.

Montepioei dagokienez, nafar funtzionarien babes-sistema berezia dira, eta Diputazioarenaz gain beste lau zeuden: udal langileen montepio orokorra eta Iruñea, Tutera eta Tafallako udalarenak. Larogeita hamarreko hamarkadan funtzionario berriak segurtasun sistema orokorrera sartzen hasi ziren eta, beraz, desagertuko den sistema dugu, nahiz eta haren eragin ekonomikoak luze iraunen duen.

Diputazioaren montepioak etorkizunean eraginen duen gastu osoa zehatz kalkulatzerik ez dago, aldagai asko daudelako: funtzionarioek erretiroa noiz hartuko duten, noiz hilen diren, lege-aldaketak¿

Nolanahi ere, eginiko kalkuluen arabera Gobernuak datozen ehun urteetan ordaindu beharrekoa 4.300 milioiko dirutza izan daiteke. Montepioak eraginiko gastuak gora eginen du 2032ra arte, handik aurrera pixkanaka jeisten joateko. Oraingo gastua 46 milioikoa da eta 2032. urteko ekitaldian 110 milioikoa izanen da.

Datozen urteotan gastua eraginen duten bi azpiegitura lanen egoera ere aztertu da, biak ¿Itzalpeko bidesaria¿ sistemaren bidez eginak: Administrazioak enpresa pribatu baten esku uzten ditu azpiegituraren eraikuntza eta mantentze lanak. Azpiegitura martxan jarri arte Administrazioak ez du deus gastatzen. Handik aurrera, urtero, erabileraren araberako saria ordaintzen dio enpresari.

Bideko Autobidea

Bideko autobidea da Nafarroan ¿Itzalpeko bidesaria¿ren bidez kudeaturiko lehenbiziko azpiegitura. Jasotako bi eskaintzetako batek baldintza orriak finkaturiko gehienezko zenbatekotik gorako prezioa eman zuen eta, beraz, bazterturik gelditu zen. Irabazlea CAN korporazioak eta FCC eta NEC (Nafarroako eraikuntza enpresa batzuk) enpresek aurkezturikoa izan zen. 2002ko irailean sinaturiko kontratuak obraren prezioak 300 milioitan finkatu zuen eta kontzesioaren gutxienezko epea 15 urtetan eta gehienezkoa 30 urtetan. Azpiegitura 2007ko apirilean martxan jartzekoa bazen ere, lanak uste baino azkarrago egin ziren eta 2006ko amaieran zabaldu zen.

Nafarroako Gobernuak aurreikusitakoaren arabera enpresari ordaindu beharreko saria 894 milioi eurokoa izanen da 2007-2032 epean.

Obra lanak egiten ari zirela Gobernuak onartu zituen bi aldaketa aztertzen dira: prezioen berraztertzea eta lana uste baino lehenago amaitzeagatik Gobernuak enpresari emaniko dirua. Prezioen berraztertzearen ondorioz enpresak 35 milioi euro gehiago jasoko ditu eta obra lehenago amaitzeagatik 20 milioi.

Comptos Ganbera ez dator bat onarturiko aldaketekin. Izan ere, kontzesioa arautzen zuen baldintza-orriak baztertu egiten zuen prezioen aldaketa behin betiko tarifak finkatzeko kontuan hartzeko aukera. Gainera, eskaintzarekin batera aurkezturiko finantza-planak prezioen aldaketa kontuan hartzen zuen, eta baita tarifen eguneratzea kontsumo prezioen indizearen arabera. Beraz, enpresak hala eskatuta prezioen berraztertzea onartu izana kontzeptu bera bi aldiz kontu hartzea da.

Enpresak lanak lehenago amaitzeagatik kobratu zuen dirutzari dagokionez, hori ere ez zegoen baldintza-orrian aurreikusia. Txostenaren arabera, enpresak obra lehenago amaituz gero bazuen saririk: Gobernuak ordaindu beharreko kanona lehenago kobratzen hasiko zela, baldintza-orriak hori esaten baitzuen, alegia, enpresak obra amaitu eta hurrengo hilabetearen hasieran kanona kobratzen hasteko eskubidea zuela. Eta obra lehenago amaitzeagatik zerbait ordaintzekotan, horrek gastuen zenbaketa eta justifikazoa eskatuko lituzke.

Comptos Ganberak dioenez, Nafarroako Gobernuak datozen 25 urteotan 1.157 milioi ordainduko dizkio Bideko Autobidearen lanak egin dituen enpresari, baldintza-orriak finkaturiko kalkukuak betetzen badira: trafikoa, kontsumo prezioen indizea, interes tasak¿Onarturiko aldaketak 112 milioi euro lirateke, 25 urteko epea kontuan hartuz gero.

Nafarroako Gobernuak alegazioak aurkeztu ditu txostenak zalantzan jartzen dituen aldaketez. Alegazioek diotenez, aldaketak espediente baten bitartez onartu ziren. Prezioen aldaketei dagokienez, kontratua interpretatzeko zailtasunak zirela esaten da eta lanak lehenago amaitzeagatik ordaindurikoaren arrazoia ¿interes publikoa¿ da.

Nafarroako Ubidea

Nafarroako Ubideko toki ureztagarrietako azpiegitura lanak ere ¿itzalpeko ordainsaria¿ren bidez egin dira. Kontzesio epea 30 urtekoa da eta enpresak bost urte ditu lanak burutzeko.

Ureztatuko den lurraldea 177 km ditu, Baldizarbetik Ablitaseraino, guztira 177 kilometro, bi fasetan eginen direnak: Aragoi ibairainoko 23.000 hektareakoa lehena, eta handik Ablitaseraino bigarrena. Momentuz, lehenbizikoa hasia da.

Gobernuak Acciona enpresak, Nafarroako Kutxaren korporazioak eta eraikuntza sektoreko sei enpresak osaturiko taldeari eman zion kontzesioa. Eskaintzak nabarmen jeitsi zuen baldintza-orriak finkaturiko kanona, 726 milioitik 459ra. Aurreikusitako inbertsioaren prezioa 170 milioikoa bazen ere, eskaintzak 144 milioitan utzi zuen.

Enpresari ordaindu beharreko kanona finkatzeko uraren kontsumoa ez ezik, zerbitzuen kalitatea ere kontuan hartzen da.

Konklusio eta gomendioak

Comptos Ganberak dioenez, montepioak eta bi azpiegiturek etorkizunean sortuko duten gastu zehatza kalkulatzerik ez dago. Autobiodeari dagokionez, behin betiko prezioak ez direlako zehaztu eta gastu osoa zenbait aldagairen arabera finkatuko delako. Ubideko zona ureztagarrietako obra lanak ere hasi berriak dira, eta ez da ezagutzen ez obraren kostua, eta ezta etorkizuneko ur-kontsumoa ere. Bi aldagai horiek dira, hain zuzen, behin betiko prezioa baldintzatuko duten aldagaiak.

Hala ere, eta aipaturiko mugak kontuan hartuz, montepioak eraginen dituen gastuak 4.300 milioikoak izan daitezke, ehun urtetan ordaintzekoak. Bideko Autobideak, berriz, 1.157 euroko kostua eraginen du 25 urteko epean. Eta, azkenik, Nafarroako Ubideko zona ureztagarrietan 460 milioi gastatuko dira 30 urtetan.

¿Itzalpeko bidesaria¿ kontzesio sistemaz emaniko bi azpiegiturek eraginiko gastua ohiko gastu eta zerbitzuen %15 da. Iazko aurrekontua oinarritzat hartuz, 50 milioi euroko dirutza litzateke.

Txostenak gomendio batzuk eskaintzen ditu, horietako bat Bideko Autobidean onartu ziren aldaketak azter daitezela, bai prezioen berrazterketa eta baita lanak lehenago amaitzeagatik emaniko kalte-ordaina ere. Hori aztertu ondoren, Gobernuak hartu beharreko neurriak hartu beharko lituzke. Datozen urteetan egin litezkeen antzeko kontzesioei begira, honakoa da gomendio nagusia: hauek bezalako kalte-ordainak ordaintzekotan, jasota ager daitezela baldintza-orrietan. Bestalde, kontratuaren baldintzak aldatzen dituen edozein akordio onartu aurretik azterketa ekonomikoa behar da. Hau beti komenigarria izanik, are gehiago eragin ekonomiko handia duten kontsesio sistema berrietan.