Skip to main content

2023/20 Nafarroako kontu orokorrak (2022)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2023/20 Nafarroako kontu orokorrak (2022) (
7799
)

Kontuen Ganberak 2022ko kontu orokorrei buruzko txostena argitaratu du. Bertan Foru Administrazioaren finantza-egoeraren ikuspegi orokorra islatzen da.

Iaz, Foru Administrazioak 5.600 milioi gastatu eta 5.900 milioi bildu zituen. Aurreko urteko datuekin alderatuz, gastuak %11 igo ziren. Diru-sarrerak, berriz, %17.

Nafarroaren eta Estatuaren arteko hitzarmen ekonomikoa gaurkotu izanak eragin handia izan du datu horietan. Nafarroak Estatuari egiten dion diru-ekarpena kalkulatzeko moduak eta zerga batzuen doikuntzak gastuetan eta diru-sarreretan eragin dute. Gastuak 144 milioi igo dira eta diru-sarrerak, berriz, 282 milioi.

Gastuetan transferentzia arruntena da kapitulu nagusia, 2.300 milioirekin. Langileria da bigarrena, 1.600 milioirekin. Hirugarrena, ondasun eta zerbitzuen gastu arruntak: 827 milioi.

Azterketa departamentuen arabera eginez, Ekonomia eta Ogasun departamentuak du gastu handiena: 1.538 milioi. Gastu horretan dago hitzarmen ekonomikoagatik Estatuari egiten zaion diru-ekarpena: 883 milioi. Osasun Departamentuak 1.315 milioi gastatu zituen eta Hezkuntza Departamentuak 800 milioi. Lurralde Kohesioak 550 milioiko gastua du, Eskubide Sozialetako Departamentuak 515 eta Lehendakaritza, Berdintasuna, Funtzio Publikoa eta Barne Departamentuak 300 milioi.

Diru-sarrerei dagokienez, zuzeneko zergen bidez 2.600 milioi bildu zien. Zeharkako zergen bitartez, berriz, 2.300 milioi. Zuzeneko zergetan Pertsona Fisikoen Errentaren Gainekoa da nagusia: 2.100 milioi. Sozietate zergak 379 milioi eman zituen, eta Oinordetzen eta Dohaintzen zergak 68 milioi.

Zeharkako zergetan BEZ da nagusia: 1.600 euro. Zerga berezien bidez (alkohola, hidrokarburoak, tabakoa) 549 milioi bildu ziren.

Zerga nagusiengatik bilduriko zenbatekoak gora egin du aurreko urteko datuekin alderatuz. PFEZ %30 igo zen, Sozietate Zerga %15 eta BEZ %11. Estatuarekiko Hitzarmen Ekonomikoan eginiko aldaketek –doikuntza fiskalak- eragina izan dute igoera horretan.

Txostenak Next Generation diru-funtsei buruzko datuak ere ematen ditu. 2022ko abenduaren 31 arte, Foru Administrazioak 372 milioi jaso eta 64 gastatuak zituen.

Txostenak dioenez, Foru Administrazioaren kontuek ongi islatzen dituzte ondarearen irudia, finantza-egoera eta ekonomia eta aurrekontu-emaitzak.

Legezkotasunari buruzko iritzia ere positiboa da, salbuespen batekin: 140 milioiko gastua, indarraldia amaiturik edo kontratu-euskarririk gabeko kontratuetan.

Ekonomia-adierazleek hobera egin dute

Txostenak ekonomia-adierazleen bilakaera ona azpimarratzen du. Hiru aipatzen ditu: aurrekontu-emaitza (295 milioi), gastu orokorretarako diruzaintzako gerakina (114 milioi) eta diruzaintzako saldoa (722 milioi).

Foru Administrazioak 2.868ko zorra dauka. Aurreko urtekoarekin alderatuz, ez da aldatu.

Txostenaren konklusioa da Foru Administrazioaren finantza-egoera suspertzen joan dela pandemiaren ondoren, eta “hobekuntza nabarmena” ikusten dela ekonomia-adierazle nagusietan.

Txostenak langileriaren egoera ere aztertu du. Iazko amaieran, Foru Administrazioan 32.000 lagun ari ziren. Horietatik, %51 kontratatua zen. Behin-behinekotasun indizeak gora egin du azken bost urteotan, pandemia garaiko kontratazioengatik neurri handi batean. Dena den, 2020tik behin-behinekotasun tasa gutxitzen hasia da. Kontuan hartzekoa da 2020an %54raino heldu zela.

Iaz, Foru Administrazioak hiru enplegu eskaintza onartu zituen kontratazio maila jaisteko asmoz.

Sozietate publikoei dagokienez, Foru Administrazioak 17 ditu. Iaz, sozietate publiko bat sortu zen: Nafarroako Inbertsio Institutua.

Sozietate eta fundazio publikoen auditoretza-txostenak kontu-ikuskari pribatuek eginak dira. Iritzi finantzarioa positiboa da guztietan. Legezkotasunean, berriz, salbuespen batzuk aipatzen dira.

Iazko amaieran, sozietate publikoek 667ko ondare garbia zuten, eta epe luzeko 48 milioiko zorra. Urteko emaitza negatiboa izan zen 19 milioitan. Nafarroako sozietate publikoek 1.495 langile dituzte.

 

  • 2022an diru-sarrerak %17 igo ziren. Gastuak, berriz, %11.
  • Foru Administrazioaren finantza egoera “nabarmen hobetu da ekonomia-adierazle gehienetan”.
  • 2022ko amaieran, Foru Administrazioak 32.000 langile zituen, %51 kontratatuta.