Skip to main content

ASOCEX

2012/23 Nafarroako osasun gastuaren bilakaerari buruz (2001-2011)

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganberak osasun gastuaren bilakaerari buruzko txostena kaleratu du. PP talde parlamentarioak eskaturiko txostenak azken hamar urteotako gastuaren eboluzioa aztertu du, eta baita urteotako osasun jarduera ere. Kontuen Ganberak antzeko azterketa egin zuen 2003an, aurreko urteetako bilakaeraren berri emateko.

Kontuen Ganberak dioenez, azken hamar urteotanko osasun gastua gehiago handitu da Gobernuaren gastu orokorra baino. Horrela, Gobernuak 1.300 milioi gastatu zituen duela hamar urte, eta 3.600 milioi iaz. Beraz, aurrekontua %54 handitu da. Osasunbideari dagokionez, portzentajea %86 igo da, 341 milioitik 950 milioira handitu baitira gastuak.

Bi arrazoik azaltzen dute igoera hori: ospitaletako botiken gastua eta obra-lanak. Langileriaren gastuan, berriz, gobernuaren gastu orokorraren mailari eutsi zaio.

Osasun jarduerari dagokionez, 2003ko txostenak islaturiko joerak bere horretan dirau. Izan ere, kontsulta, ospitaleratze, operazio eta urgentzia-zerbitzuen erabilera handitzen joan da. Ospitalez kanpoko urgentzien jarduera nabarmen handitu da. Gaixoek ospitaletan egiten duten egonaldia, ordea, gero eta murritzagoa da.

Oinarrizko arretak jasotzen dituen kontsulta kopurua 2,7 milioitik hirura pasatu da. Arreta espezializatuan kopurua milioi bateraino heldu da, duela hamar urte baino 130.000 gehiago. Ospitaleetako urgentzietan jarduera ez da handitu, baina ospitalez kanpokoetan nabarmen igo da. Operazioei dagokienez, duela hamar urteko mailan segitzen dute: 44.000 urtean.

Gaixoek, bataz beste, sei egun ematen dituzte ospitalean, 2001ean baino bat gutxiago. Ohe kopurua ere murriztu egin da: Osasunbideak 1.396 zituen duela hamar urte, eta 1.312 ditu orain.

Oinarrizko arretan ari den langileria gutxitu egin da: 2.152 profesional ari ziren duela hamar urte eta 2.037 orain. Arreta espezializatuan ari direnen kopurua, ordea, handitu egin da: 5.818 ziren duela hamar urte eta 7.755 dira orain. Horren arrazoietako bat da ospitaleratu gabeko operazioak eta, oro har, gaixoei egin beharreko probak ere handitu egin direla.

Txostenak dioenez, nafarrok, bataz beste, urtean bost aldiz joaten gara osasun-etxera, eta portzentajea ez da azken urteotan aldatu. Arreta espezializatuan bisita eta erdi egiten dugu, eta horretan ere ez da aldaketarik izan.

Kontuen Ganberak osasun kudeaketa hobetzeko neurri batzuk proposatzen ditu. Batetik, langileriaren kudeaketa hobetu beharra azpimarratzen du: langileendako pizgarriak, absentismoaren kontrol egokiagoa eta mediku eta kudeatzaileen arteko koordinazio hobea. Bestetik, gehiegizko osasun jarduera gutxitzeko irizpide garbiak behar dira, profesionalek hitzartu beharrekoak. Izan ere, frogatua dago behar baino azterketa eta proba gehiago egiten direla, gaixoen presioagatik. Bestalde, Kontuen Ganberaren iritziz osasungintzan ari diren profesionalen iritzia kontuan hartu behar da antolaketari buruzko erabakiak hartzerakoan, beste inork baino hobeki ezagutzen baitute zerbitzuen funtzionamendua.

Txostenak beste ospitaleekin egiten diren itunak ere aipatzen ditu. Batetik, gogoeta eskatzen du hori bide egokiena ote den aztertzeko eta, beti ere, zerbitzu beragatik prezio bera ordaindu behar dela azpimarratzen du. Halaber, itundutako ospitaleek eskaintzen duten kalitatea aztertzeko adierazleak eskatzen ditu.

Azkenik, herritarrei zuzendutako kontzientziazio kanpaina ere eskatzen zaio Gobernuari. Kontuen Ganberaren ustez, bidali beharreko mezua da osasunak ez duela preziorik, bai ordea kosturik eta aurrekontuak mugatzen duela gastua.