Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2021/16 Nafarroako toki administrazioa (2019) (Nafarroako Kontuen Ganberak toki administrazioari buruzko txostena kaleratu du. Bertan, udal, kontzeju eta gainerako udal erakundeen egoera orokorra aztertzen da.
Iazko hasieran, 702 toki entitate zeuden Nafarroan: 272 udal, 346 kontzeju, 62 mankomunitate eta 22 udal elkarte.
Kontuen Ganberak, berriro ere, betikoa azpimarratzen du: udal mapa ez da batere eraginkorra. Kontuan hartzekoa da udalen %69 1.000 biztanletik beherakoak direla. Beraz, udal oso txikiak dira, baliabide eskasekoak. Horrela zaila da kalitatezko zerbitzuak eskaintzea.
Txostenak gogoratzen duenez, Nafarroako Parlamentuak, 2019ko otsailean, toki administrazioaren erreformarako legea onartu zuen. Kontua da lege nagusia garatzeko behar diren erabaki eta arauetan ez dela aurrera egin.
Toki administrazioaren datu ekonomiko nagusiak hauexek dira: 2019an, Udal erakundeek 890 milioi bildu eta 885 milioi gastatu zituzten. Aurreko urteko datuekin alderatuz, diru-sarrerak %6 handitu ziren. Gastuak, berriz, %12.
Diru-sarrera nagusiak (%49) transferentziak dira, gehienak Nafarroako Gobernuak eginak. Zerga bidezkoak %22 dira, eta tasa eta prezio publikoak %19.
Gastuei dagokienez, langileria eta ondasun eta zerbitzu arruntek bi heren egiten dute.
Finantza egoera ona
2019an, toki erakundeek 107 milioiko aurrezki garbia lortu zuten. Urte amaierako diruzaintzako soberakina ere nabarmentzekoa da: 275 milioi. Zorra 180 milioikoa zen, 2015ean baino %40 gutxiago.
Datu horiek guztiek toki administrazioaren finantza egoera ona islatzen dute. Gainera, bilakaera adierazle guztietan da ona.
Txostenak udal administrazioak eginiko kontratuen berri ere ematen du. 2019an, udal eta gainerako udal erakundeek 504 kontratu egin zituzten. Horien gastua 100 bat milioikoa izan zen. Gastuaren %66 obrak dira, %19 zerbitzuak eta %15 hornikuntzak.
Kontuen Ganberak Nafarroako, Euskadiko Autonomia Erkidegoko eta Estatuko udalen egoera aztertu du. Konklusioa da diru-sarrera eta gastuak handiagoak direla Euskadiko Autonomia Erkidegokoetan. Bestalde, aipatzekoa da hor ere biztanleko transferentziak nabarmen handiagoak direla Nafarroan baino: 843 euro biztanleko EAEn eta 541 euro Nafarroan.
Gomendioak
Azken txostenetan eginiko gomendio batzuk bete egin dira. Horietako bat, iaz onarturiko Toki Ogasun Legeak zerga eta kudeaketa kontuak arautzen dituena. Toki entitateen kontuez Gobernuaren web orrian informazioa emateko gomendioa ere bete egin da.
Txostenak Foru Administrazioari eta Parlamentuari toki administrazioaren erreformarako bidean aurrera egin dezatela eskatzen die, alegia, onar ditzatela legearen garapenak eskatzen dituen arau eta erabakiak. Udal kontabilitatea gaurkotzeko beharra ere aipatzen da, kontabilitate publikoaren plan orokorrera egokitzeko.
Toki entitateei lan eskaintza publikoak egiteko eskatzen die, langileen artean dagoen kontratazio maila handia gutxitzeko.