Skip to main content

ASOCEX

2011/02 Oinarrizko Errentaren Kudeaketa (2009-2010)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2011/02 Oinarrizko Errentaren Kudeaketa (2009-2010) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Oinarrizko Errentaren kudeaketari buruzko txostena kaleratu du. Txostena egiteko eskaria Parlamentutik heldu zen, PSNren ekimenaren ondorioz.

Txostenak dioenez, oinarrizko errentaren helburua da oso egoera ekonomiko larrian daudenei laguntzea. Bermatu beharreko laguntza da, alegia, eskubidea duten guztiek jaso behar dute eta, beraz, aurrekontua ez du mugarik finkatzen. 25 eta 65 urte bitartekoek eska dezakete, beti ere lanean hasteko proiekturen batean badaude eta finkaturiko diru-sarreratik beherako diru kopurua jasotzen badute. Gehienezko zenbatekoa 633 eurokoa da pertsona bakar batentzat, eta 950 eurokoa 6 edo 6tik gorako kideak dituzten familientzat.

Oinarrizko errenta 6 hilabetez kobratzen da, baina bi urteraino luza daiteke. Nafarroako Gobernuko Gizarte Gaietarako zuzendaritzari dagokio laguntza onartzea.

Krisiaren ondorioz, nabarmen handitu da oinarrizko errentaren eskaera kopurua. 2007an 4.000 mila ziren bitartean, bi urte geroago 10.000tik gorakoak izan ziren, eta iazko urrian 12.000 baino gehiago ziren jasotakoak. Txostenak emaniko datuen arabera, oinarrizko errentak iaz sorturiko gastua 30 milioikoa izan zen. Aurkezturiko eskaeretatik %80 onartzen dira. Errenta jasotzen duten erdiak etorkinak dira.

Oinarrizko Errentaren kudeaketak azkartasuna eskatzen du, eskaerak oso egoera larrian dauden pertsonengandik heltzen baitira. Gobernuak zeregin horretan ari den langile kopurua handitu egin du, etengabe hazten ari den eskaera kopuru gero eta handiagori aurre egiteko.

Comptos Ganberak ahalegina ontzat ematen du, baina kudeaketa hobetu egin behar dela dio. Horretarako eskaintzen dituen gomendioetako bat da sistema informatikoa hobetzea eta Udaletako oinarrizko gizarte zerbitzuekiko harremanak estutzea. Izan ere, gizarte zerbitzuak dira eskaeragileen egoera hobekien ezagutzen dutenak. Horregatik, gizarte zerbitzuei espedientea hasteko ahalmena eman beharko litzaieke, horrela epeak ere murriztuko liratekeelako.

Txostenak Caritasen lana ere goraipatzen du, larri daudenei ematen dien laguntzagatik. Gobernuarekin sinaturiko hitzarmenaren bitartez, Caritasek errentatik jaso beharreko dirua aurreratu egiten baitie eskatzaileei. Gobernuak, horren truke, 25.000 euro ordaintzen dizkio. Caritasek 2 milioitik gorako dirutza aurreratu zien iaz 2.100 laguni.

Tramitazio epeei dagokienez, 45 egunekoa da gehienezkoa, eskaera onartzen denetik ordainketa egiten den arte. Epea, ordea, ez da betetzen. Iazko datuen arabera, %4 baino murritzagoa izan zen epe horretan ordainduriko errenta-kopurua. Azken bi urteotan, 70 egunetik gora behar izan ditu Administrazioak espedienteak tramitatzeko.

Txostenak oinarrizko errentaren kudeaketa hobetzeko gomendio batzuk eskaintzen ditu. Horien artean, araudi malguagoa eskatzen du, tramitazio epea ere murritzagoa izan dadin. Hori eginez gero, ondorengo kontrola areago liteke, errenta jasotzen dutenek eskakizun guztiak bete dituztela frogatzeko. Halaber, Comptos Ganberak laguntzen tramitazio eta kontrolean oinarrizko gizarte zerbitzuei laguntza eskatzea ere proposatzen du.

Aipatzekoa da, azkenik, datozen hilabeteotan oinarrizko errenta eskatuko dutenen kopuruak gora eginen duela. Izan ere, Estatuak langabeziaren aurka martxan jarritako ekimena otsailean amaituko denez, pentsatzekoa da horretan ari zirenek errenta eskatuko dutela.