Skip to main content

ASOCEX

2001/08 Ubarmin ospitalea (1999)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2001/08 Ubarmin ospitalea (1999) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak Ubarmin ospitaleari buruzko fiskalizazio-txostena argitaratu du. Aipaturiko ospitalea ekimen pribatuak sortu bazuen ere, urte batzuen buruan publiko bihurtu zen. Gaur egun 125 ohe ditu eta zirugia ortopedikoan eta errehabilitazioan dago espezializaturik.

Kontuen Ganbarak emaniko datuen arabera, Ubarmin ospitaleak 2.488 milioiko aurrekontua izan zuen 1999an. Dirutzaren zati nagusia (1.511 milioi) langileriaren gastuei dagokie.

Kontuen Ganbarak dioenez, gastu eta dirusarreren aurrekontu-betetzeak ongi islatzen du urtean eginiko jarduera ekonomikoa. Legezkotasunari dagokionez, txostenak indarrean dagoen legedia bete egiten dela dio.

Langileriaren kudeaketak hartzen du txostenaren zati nagusia. Alde horretatik, aipatzekoa da urteko bataz besteko langileria 308 lagunek osatzen dutela. Plantileko langileria aski ez denez, kontratu anitz egin ohi dira. Azterturiko ekitaldian kontratuak 441 izan ziren eta, guztira, 107 langile kontratatu ziren.

Kontuen Ganbarak langileriaren kudeaketa hobetzeko gomendio batzuk egin ditu, horien artean plantila ospitalearen beharretara egokitzekoa. Halaber, langileen soldatetan aldagaiak behar bezala erabiltzea proposatzen du, orain arte osagarri finko eta aldagaiak nahastu egin baitira.

Ondare eta zerbitzuen erosketetan ospitaleak 807 milioi gastatzen ditu. Protesietan 356 milioi gastatzen dira, garbiketa-produktuetan 105 milioi eta kontsumorako osasun-produktuetan 63 milioi. Kontuen Ganbarak dioenez, osasun-produktuak saltzaile askori erosten zaizkie, baina ortopedian gastaturiko guztia (18 milioi) saltzaile bakar bati erosi diote, lehiaketarik egin gabe. Protesietan hiru saltzaileen artean lortu dute gastaturikoaren ehuneko 95.

Horren aurrean, txostenak gomendio argia eskaintzen du: ahal duen neurrian, Osasunbideak ospitale guztietarako erosketak egin ditzala eta, hori posible ez balitz, saltzeko aukera saltzaile gehiagori ematea, batez ere ortopedia-produktuetan.

Kontuen Ganbarak eginiko azterketaren arabera, 1999an Ubarmin ospitaleak itxarote-zerrenda eta gaixoen bataz besteko egonaldia murriztu zituen. Kontsultetan, ordea, ez zuen zerrenda gutxitu eta kalitate planak aginduriko helburuak ere ez ziren bete. Kontuen Ganbararen arabera, egoera hobetzeko Osasunbideak eta ospitaleko arduradunek sinaturiko kontratu-programa lehen bait lehen martxan jarri behar da, honek kudeaketa hobetuko baitu.

Azkenik, Kontuen Ganbarak Iruñerriko traumatologia zerbitzuk hobeki antolatzeko gomendioa ematen du. Izan ere, gaur egun aipaturiko espezializazioa hiru ospitalek eskaintzen dute: Nafarroako ospitalea, Bideko Ama ospitalea eta Ubarmin klinika.