Skip to main content

ASOCEX

2002/01 Iruñeko Udala (2000)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2002/01 Iruñeko Udala (2000) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak Iruñeko Udalaren fiskalizazio txostena kaleratu du. Txostenak honako gai hauek aztertzen ditu: 2000ko aurrekontu kitapena, ondare egoera, legezkotasuna, finantza-egoera eta azken urteotako txostenetan eginiko gomendioen jarraipena.

Txostenak Udalaren beraren datuak ez ezik, beste udal erakundeenak ere aztertu ditu, horien artean Hirigintza Gerentzia, Udal Eskolen Patronatua, Gayarre Fundazioa eta udal enpresenak.

Txostenak emaniko datuen arabera, Iruñeko Udalak 2000ko ekitaldian 21.871 milioiko dirutza gastatu zuen. Dirutza horri Hirigintza Gerentziak (1.062 milioi) eta Udal Eskolek (649 milioi) gastaturiko gehitu behar zaio. Dirusarrerak 21.590 milioikoak izan ziren eta beste 1.500 bat milioi aipatu bi erakunde autonomoenak kontuan hartuz gero.

Gastuetan garrantzitsuenak langileriarenak dira: ehuneko 41. Ohiko ondasun eta zerbitzuetan ehuneko 27 gastatu zuen eta, azkenik, inbertsioak gastuen ehuneko 23 dira. Dirusarrretan inportanteenak transferentziak dira, batez ere Nafarroako Gobernuak emanikoak (%47), zerga bidezkoak ondoren (%44) eta, azkenik, ondasunari esker lorturikoak (%6).

Kontuen Ganbarak aldeko iritzia eman du 2000ko aurrekontu kitapenaz, Udalaren ekonomia jarduera egoki islatzen baitu. Egoera balantzea ere egokia da, nahiz eta txostenak salbuespen bat aipatu. Izan ere, Udalaren betebeharretan ez dira kontuan hartu funtzionarioen Montepioak sorturikoak.

Legezkotasunaren gaineko azterketa ere positiboa da, Udalak indarrean dagoen legedia bete egiten baitu.

Azken urteotako txostenetan eginiko gomendioak betetzen ari direla dio txostenak, batez ere aurrekontu-kudekaetan eta Kontu-hartzailetza indartzeko proposatu zirenak. Hemendik aurrera egin beharreko lanaz Kontuen Ganbarak uste du udal kudeaketa hobetzeko arlo eta zerbitzuen arteko koordinazioa hobetu behar dela, gaur egun koordinazio falta sumatzen baita. Egoera gainditzeko proposatzen diren neurrien artean bi aipa daitezke: zerbitzu juridikoak batzea eta kudeatzaile bat izendatzea.

Aurrekontuari loturiko neurriak ere proposatzen dira. Horietako bat arlo eta zerbitzu guztietan helburu garbiak finkatu eta xede horiek zenbateraino bete diren neurtzea, hauxe baita udalaren eraginkortasuna ezagutzeko bide bakarra.

Barne kontrolari dagokionez, txostenak Kontu-hartzailetza indartzen segitzeko beharra azpimarratzen du. Alde horretatik, kontu-hartzaileen lana langileria-arlora eta dirusarreren kontrolera hedatzea proposatzen du. Halaber, Kontuen Ganbararen iritziz barne kontrolaren prozedurak finkatzeko arautegia egin beharko litzateke.

Erakunde autonomoen gaineko kontrola areagotzea eta udal funtzionarien montepioaren etorkizuna argitzeko beharra ere aipatzen dira.

Udalaren finantza-egoerari dagokionez, Kontuen Ganbarak ona dela dio. 2000ko abenduaren 31n Udalak diruzaintzan 7.500 milioi zituen eta epe luzerako zorra 6.850 milioikoa zen. Aurreko urteko datuekin konparatuz, zorra gutxitu eta aurrezki garbia handitu egin da. Aurrezki garbia handitzen den neurrian inbertsioak burutzeko ahalmena ere handitzen da eta horregatik Kontuen Ganbarak positibotzat jotzen du azken urteotako aldaera.

Azterturiko ekitaldian bidegarritasun plana bete egin da. Ohiko dirusarrerak funtzionamendu gastu eta finantza zamari aurre egiteko aski dira eta gelditzen diren 3.000 milioiko dirutza inbertsioetarako erabil daiteke. Nolanahi ere, bada argitu gauza kontu bat: Hirigintza Gerentziaren behin betiko kontuak. Izan ere, hirigintza poligonoetako obren behin betiko kitapena egin gabe dago eta horrek eragina izan lezake udal kontuetan.