Skip to main content

ASOCEX

2001/13 Tuterako Udala (2000)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2001/13 Tuterako Udala (2000) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak Tuterako Udalari buruzko fiskalizazio-txostena argitaratu du. Txostenak honako gai hauek aztertzen ditu: aurrekontu betetzea, ondare-egoera, legezkotasuna eta finantza-egoera.

Tuterak 27.778 biztanle ditu eta, beraz, Nafarroako bigarren hiri handiena da. Udalak bi erakunde autonomo ditu: Ur Batzordea eta Castel Ruiz Kultur Etxea. Aipaturiko bi erakunde hauek kontuan hartuz, Udalak 4.207 milioi gastatu eta 4.622 milioi bildu zituen iaz.

Gastuen diru-sail nagusia langileriari dagokiona da (1.460 milioi). Tuterako Udalak 232 langile ditu, horietako 193 funtzionarioak, 18 lan kontratudunak eta 21 aldi-baterako kontratatuak. Ohiko ondasun eta zerbitzuetan Udalak 975 milioi gastatu zituen eta inbertsioetan 600 milioi.

Dirusarrerei dagokienez, zerga eta tasei esker 2.000 milioiko dirutza lortu zuen eta transferentziek 1.700 milioi egin zuten.

Kontuen Ganbarak dioenez, aurrekontuaren kitapenak ongi islatzen ditu urteko dirusarrera eta gastuak. Udalak aurkezturiko ondare balantzeak ere egoki islatzen du ondasun egoera, baina badago salbuespenik: ondasun-zerrenda gaurkotu gabe dago eta pentsio sistemak sorturiko bete-beharrak ez dira kontuan hartu.

Legezkotasunaren gaineko azterketaren ondorioa hau da: Tuterako Udalak indarrean dagoen legedia bete egiten du bere ekonomia jardueran.

Udalaren finantza egoerari dagokionez, Kontuen Ganbarak aldeko iritzia ematen du. Izan ere, iazko datuak aurreko urtekoak baino hobeak dira, batez ere urte amaierako diruzaintzako gerakina (939 milioi). Epe luzerako zorra ere gutxitu egin da eta zerga bidezko dirusarrerak nabarmen handitu dira.

Laburbilduz, Tuterako Udalak ongi kudeatzen du aurrekontua eta aurreko txostenetan eginiko gomendio gehienak bete egin ditu. Hemendik aurrera, aurrekontu-sistema hobetu behar luke eta horretarako txostenak helburu zehatzak eta helburua neurtzeko sistemak martxan jartzea beharrezkotzat jotzen du. Horri esker, Udalaren eraginkortasuna zenbatekoa den neurtu ahal izanen da.

Txostenak aipatzen duen beste gomendioetako bat inbertsioetako epeen kontrolari dagokio, Udalak horren gaineko kontrola hobetu behar baitu. Kontuen Ganbarak, halaber, kontu-hartzailetza indartzeko gomendioa egiten du. Txostenak dioenez, kontu hartzailetzak gastua egin ondorengo kontrola eta barne auditoria egin behar ditu. Horrez gain, interbentzioak erakunde autonomoen gastuak kontrolatu behar lituzke.

Tuterako Udalaren finantza-egoeraz Kontuen Ganbarak orain arte bezala jokatzeko eskatzen du, horrela egoerak hobera egiten segituko duelakoan. Azkenik, udal montepioaren arazoa konpontzeko beharra azpimarratzen du.