Skip to main content

ASOCEX

2001/18 Burlatako Udala (2000)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2001/18 Burlatako Udala (2000) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak Burlatako Udalaren fiskalizazio-txostena argitaratu du. Txostenak honako gau hauek aztertzen ditu: aurrekontu-betetzea, ondare egoera, legezkotasuna eta Udalaren finantza-egoera. Horretaz gain, aurreko txostenetan eskainiriko gomendioak zenbateraino bete diren aztertu du.

Kontuen Ganbarak emaniko datuen arabera, Burlatako Udalak 1.560 milioi gastatu zituen iaz. Dirutza horri erakunde autonomoek (Hilarion Eslava Musika Eskola eta Kultur eta Kirol Patronatuak) gastaturiko 333 milioiak gehitu behar zaizkio.

Burlatako Udalaren gastu guztien ehuneko 77 funtzionamendu gastuak dira: langileria, ondasun eta ohiko transferentziak. Langileriari dagokionez, Burlatako udalak 235 langile ditu eta beraien soldatetan gastuen ehuneko 48 gastatzen du.

Iazko dirusarrerak 1.894 milioikoak izan ziren, erakunde autonomoenak ere kontuan hartuz. Dirutzaren erdia transferentziak dira (Nafarroako Gobernuarengandik jasotakoak) eta ehuneko 33 zerga bidezko sarrerak dira.

Txostenak dioenez, urtea amaiturik Burlatako Udalak 64 milioiko defizita izan zuen (aurreko ekitaldiak superabita 75 milioikoa izan zen). Itxitako azken bi ekitaldietako emaitzak alderatuz, argi ikusten da langileria gastuak eta ohiko ondasun eta zerbitzuen gastuek gora egin dutela eta dirusarrerak, aldiz, ez direla gorakadari aurre egiteko aina igo.

Kontuen Ganbarak aurrekontu kitapena ere aztertu du. Txostenak dioenez, oro har, ongi islatzen ditu urteko diru-eragiketak, baina badira gaizki eginiko egozpen batzuk. Dena den, emaitza orokorrean ez dute garrantzi handirik.

Egoera balantzeak ere, ongi islatzen du ondasun egoera, baina bada salbuespen bat: ondasun-zerrenda 1995etik gaurkotu gabe dago.

Legezkotasunaren gainean eginiko azterketaz aurrekontu eta kontratazio arloetan atzemandako irregulartasunak aipa daitezke, gainerakoetan Udalak indarrean dagoen legedia bete egiten baitu.

Udalaren finantza-egoerari dagokionez, txostenak epe luzerako zorra azpimarratzen du: 1.416 milioi. Alde horretatik, aipatzekoa da Udalaren zor-maila (ehuneko 13) zor-muga (ehuneko 11) gainditu egin duela. Horrek hauxe erran nahi du: epe laburrean finantza egoera aldatu ezean, Udala larri ibiliko dela ohiko gastuei eta epe luzerako zorrari aurre egiteko.

Horregatik, Kontuen Ganbararen iritziz Burlatako Udalak bidegarritasun plana egin behar luke, bi helburu lortzeko: ohiko gastuak kontrolatzea eta zor-muga ez gainditzea.

Txostenak bestelako gomendioak ere eskaintzen dizkio Udalari, horien artean aurrekontu kudeaketan barne kontrola hobetu dezala. Langileria hobeki kudeatzeko departamentu bat sortzeko aukera ere aipatzen da. Eta erakunde autonomoei dagokienez, Udalak beren funtzioak eta kontrolak argi zehazteko eskatzen dio Udalari.