Skip to main content

ASOCEX

2002/07 Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Unibertsitatea-Gizartea Fundazioa (1999-2000)

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganbarak Unibertsitate Publikoari buruzko fiskalizazio txostena kaleratu du. Txostenak 1999 eta 2000ko ekitaldiak aztertzen ditu. Unibertsitatearen datuak ezezik, Universidad-Sociedad fundazioarenak ere aztertu dira.

Kontuen Ganbarak plazaraturiko txostenak honako gai hauei buruzko iritzia ematen du: dirusarrera eta gastuen aurrekontu-betetzea; ondare egoera; legezkotasuna eta azken urteotan eginiko gomendioen jarraipena. Txostenaren azken zatian irakasle eta ikasle kopuruei buruzko datuak ematen dira, azken urteotako aldaketak nabarmenduz.

Txostenak dioenez, 2000ko ekitaldian Nafarroako Unibertsitateak 8.236 milioiko dirusarrerak izan zituen, aurreko urtean baino %11 gehiago. Bilduriko dirutzaren zati nagusia (6.726 milioi) Nafarroako Gobernuaren transferentziak dira. Txostenak unibertsitatearen kanpoko transferentziengatiko menpekotasuna azpimarratzen du: gastuen %80 kanpotik datorkio eta gainerako %20 matrikula-tasen bidez lortzen du.

Gastuei dagokienez, 7.725 milioikoak izan ziren. Diru-sail nagusia (4.233 milioi) langilerian gastatu zen. ohiko ondare eta zerbitzuetan 1.900 milioi gastatu ziren eta inbertsioetan 1.268 milioi pezeta.

Kontuen Ganbarak dioenez, 1999 eta 2000ko aurrekontu kitapenek ongi islatzen dute unibertsitatearen ekonomi jarduera, baina badira gaizki egotziriko diru-sail batzuk, batez ere urte amaieran.

Ondare egoeraz Kontuen Ganbarak ez du iritzirik ematen, aurkezturiko kontuek ez baitiote horretarako aukerarik ematen. Arazoak, batez ere, zordun eta hartzekodunen saldoetan daude. Bestalde, balantzearen kontuak ez dira ondasun-zerrendarenekin berdinkatzen, eta beste horrenbeste gertatzen da aurrekontu-kontabilitatea eta kontabilitate orokorrekin, bien arteko bateratzerik ez baitago. Zordunen saldoak ere ez daude behar bezala kontrolaturik eta hartzekodunen saldoetan ez dira erabiltzen erabili beharreko kontu-arauak. Horregatik guztiagatik, erran bezala, Kontuen Ganbarak ez du ondare egoerari buruzko iritzirik eman.

Legezkotasunaren gaineko azterketan Kontuen Ganbarak arau-hauste batzuk atzeman daitu, bai langilerian, baita kontratazioan eta zergen ordainketan ere. Horiek guztiak txostenean zehar azaltzen dira.

Aurreko txostenetan errandakoaren ondorioz hobetu diren arloak honakoak dira: kontu-sistema berria martxan jarri da eta baita kontu-hartzailetza ere. Bestalde, Nafarroako Gobernuak eta Unibertsitateak behin betiko finantziazio-eredua hitzartu dute.

Dena den, oraindik aunitz dira hobetu beharreko kontuak, bai antolaketa orokorrean eta baita langileriaren kudeaketan, kontratazioan, ikerketa proiektuen kontrolean, diruzaintzan, Unibertsitate eta Fundazioaren arteko harremanetan¿

Antolaketari dagokionez, kudeaketa-arlo eta zerbitzu guztien informazioa batu eta kontrolatzeko prozedura egokiak martxan jarri behar dira. Diru-hartzailetza lanean hasi bada ere, ez du behar adina bitarteko eta administrazio espedienteen tramitazioa ere nabarmen hobetu behar da.

Kontuen Ganbararen ustetan, Unibertsitateak langileriaren kudeaketarako sistema integrala behar luke eta irakasleen eta ikertzaileen plantila organikoa ere egin behar luke. Kontratazio arloan, kontratuen eta inbertsioen kontrola eta jarraipena hobetu beharra azpimarratzen du. Ikerketa proiektuen kudeaketa ere, ez da behar bezala egiten eta, alde horretatik, Kontuen Ganbarak tramitazioa eta kontrola zehaztuko dituen arautegia eskatzen du.

Irakasle kopuruari buruzko datuak ere ematen dira. 2000ko abenduan Unibertsitateak 693 irakasle zituen: %49 finkoak eta %51 kontratatuak. Duela urte batzuk eginiko aurreikuspenarekin alderatuz, katedratiko eta irakasle finkoak gutxiago dira eta irakasle \"asoziatu\"en kopurua, aldiz, uste baino askoz handiagoa da.

Irakasleriari buruzko azterketak azken urteotako datuak eskaintzen ditu. Azpimarratzekoa da azken bost urteotan ikasleak %10 gutxitu direla. Gaur egun 8.940 dira. Beherakadarik handienak Lan Harremanek, Soziologiak eta Ingenieritza Agronomoak izan dituzte. Kontuen Ganbarak dioenez, ikasle kopuruaren gutxitzea areago daiteke hurrengo urteotan bi arrazoirengatik: jaiotza-tasak behiti egin duelako eta, bestalde, lanbide-heziketara doazen ikasleak gero eta gehiago direlako.