Skip to main content

ASOCEX

2006/06 Zintronikoko Udala (2004)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2006/06 Zintronikoko Udala (2004) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Zintronikoko Udalari buruzko fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Bertan aurrekontu kitapena, ondare egoera, legezkotasuna eta finantza egoera aztertzen dira. Datu guztiak 2003koak dira.

Txostenak dioenez, Udalak 10,6 milioi euro gastatu zituen. Gastu horiek udalarenak ezezik, udal bi erakundeenak ere biltzen dituzte: Ur Partzuergoa eta Asisko San Frantzisko Udal patronatuarenak. Dirusarrerei dagokienez, bilduriko 11,6 milioitik udalak berak bildu zituen, eta gainerakoa aipaturiko bi erakundeek.

Aurrekontu kitapenak ongi islatzen ditu urteko ekonomia jarduera eta baita 2003ko abenduaren 31ko aurrekontu egoera ere.

Egoera balantzeak ere ongi islatzen ditu Udalaren finantza eta ondare egoera, baina bi salbuespen daude: ondasun zerrenda (gaurkotu gabe baitago) eta Gobernuak industrialdea eraikitzeko emaniko dirulaguntzak. Izan ere, Comptos Ganberaren aburuz baliteke Udalak 268.000 euroko dirulaguntzak itzuli behar izatea.

Txostenak dioenez, 2003an Udalak dirulaguntza eskatu zion Industria Departamentuari amaitua zegoen industrialdearen lehen fasea finantzatzeko. Arauak lur sail guztiak udalarenak izan ezean, desjabetzapen prozesua martxan jarri izana eskatzen du. Udalak baldintza hori betetzen ez bazuen ere, eskaeran bete egiten zuela erran zuen eta Gobernuak dirulaguntza eman zuen.

Comptos Ganberak dioenez, baliteke Udalak laguntza horiek itzuli behar izatea. Txostena egiten ari zenean Industria Departamentuak bi jabe pribatuen lur sailen sal-erosketaren agiria eskatu zion Udalari, eta argi dago Udalak ezin izanen duela tramitea bete.

Legezkotasunari dagokionez, azterturiko inbertsio-espedienteetan akatsak aurkitu ditu, zenbait kasutan derrigorrezkoak diren txostenak ez dituztelako.

Udal finantza egoeraz, epe luzerako zorra da datu garrantzitsuenetakoa, Udalak 5,5 milioi euroko zorra baitzuen 2003ko amaieran. Dirutza hori ur hornikuntza sareak eta industri poligonoen obrak sorturiko diruzaintzako gerakin negatiboei aurre egiteko erabili da. Diruzaintzako gerakin negatiboak direla eta, Udalaren banku kontuak dirurik gabe geratzen dira eta horrek %20tik gorako interesak eragiten ditu.

Txostenak udal kudeaketa hobetzeko gomendio batzuk eskaintzen dizkio udalari: kontratazio arauak zorrotz betetzea eta obren kontrola hobetzea. Halaber, Comptos Ganberaren ustez udalak barne kontrola zorroztu eta udal sailen arteko koordinazioa hobetu egin behar du.

Azkenik, Comptos Ganberak etorkizuneko ekonomia egoera aztertzeko beharra azpimarratzen du. Azterketak honako gai hauek kontuak hartu behar lituzke: zerbitzuak eta finantzabideak, proiektu berriak eta zorra hartzeko ahalmena. Txostenak dioenez, etorkizuneko beharrak finkatzerakoan beharrezkoa da zorra udalaren finantzabideak parekoa izatea, eta ez handiagoa, bestela udal ekonomia egoera larriagotu eginen baita.