Skip to main content

ASOCEX

2006/12 SOS Nafarroa koordinazio zentrorako sistema informatikoaren erosketa-kontratua

Argitalpen data

Nafarroako Comptos Ganberak SOS Navarra koordinazio zentroaren sistema informatikoari buruzko txostena kaleratu du. Txostena Parlamentuak eskatu zuen, Ezker Batuak aurkezturiko mozio baten ondorioz.

SOS Navarraren helburua larrialdi, istripu eta zaharrendako teleasistentzia koordinatzea da. Gaur egun erabiltzen duen sistema informatikoa Positron Public Safety Systems enpresari erosi zion orain dela zazpi urte. Gobernuaren xedea zen 1990etik erabiltzen ari zen sistema aldatzea. Aurreikusitakoaren arabera, urte betez bi sistemak aldi berean erabili behar ziren, ondoren berria besterik ez erabiltzeko. Aurkezturiko eskaintzak sistema berria 2001eko irailean martxan jarriko zela zioen. Onartutako prezioa 2,5 milioi eurokoa izan zen.

Sistemak telefono eta irrati bidez heldutako larrialdi-deiak antolatzeko gai izan behar zuen hasiera batean. Ondoren beste zerbitzu batzuk bereganatu behar zituen: irrati bidezko komunikazio sistema, autobietako SOS zutoinen bidezko komunikazioa, Trafiko Zuzendaritzaren autoen datu baseetan sartzeko ahalmena, informazio orokorra kudeatzeko telefono mezuak eta zaharrendako teleasistentzia.

Proiektuak, ordea, ez zuen ongi funtzionatu. Gobernuak bi aukera zituen: kontratua bertan behera uztea edo enpresarekin akordio batera heltzea, sistemaren ahalmenak eta epeak aldatuz. Administrazioak bigarrenaren aldeko apustua egin zuen.

2004ko irailean Gobernuak eta enpresak lana bukatutzat eman zuten eta hiru hilabete geroago ordainketa egin zen. Enpresak 2.673.000 euro kobratu zituen.

Txostenak emaniko datuen arabera, hasierako proiektuak aurreikusi ez zituen zerbitzuen kostua 651.000 eurokoa da. Enpresak eman ez dituen zerbitzuena, berriz, 753.000 eurokoa. Bestalde, Gobernuak atzerapenagatik enpresari ordainduarazitako dirutza 2003kora mugatu du, 2004ko atzerapena bere gain hartu baitu.

Laburbilduz: Nafarroako Gobernuak martxan jarri duen sistema informatikoak ez ditu aurreikusitako zerbitzu guztiak eskaintzen, baina aurreikusigabeko beste batzuk ematen ditu.

Comptos Ganberak zerbitzu publikoak kudeatzeko informatikak duen garrantzia azpimarratzen du, gai horretan Nafarroako Gobernuak arazo aunitz izan dituela gaineratuz. Alde horretatik, gogoratzekoak dira langileriaren kudeaketarako sistema informatikoaren gorabeherak. (2001ean Comptos Ganberak txosten bat egin zuen gaia aztertzeko).

Hau guztia kontuan hartuz, Comptos Ganberak sistema informatikoen erosketa sistemaz gogoeta egin eta beste alternatiba batzuk aztertzeko eskatzen dio Nafarroako Gobernuari.