Skip to main content

ASOCEX

2011/15 Menpekotasun Legeak Ogasunean izaniko eragina (2009-2010)

Argitalpen data

Nafarroako Comptos Ganberak Menpekotasun Legeak Ogasunean izaniko eragina aztertu du, gaur bertan Parlamentuan aurkezturiko txostenean. Parlamentuak berak eskatu zuen txostena, PSNren eskariaren ondorioz.

Comptos Ganberak Gobernuak Menpekotasun Legeari erantzunez eginiko lana aztertu du. Bestalde, legeak finkaturiko eskubideak hartu dituzten onuradun-kopuruari buruzko datuak ere ematen ditu.

Txostenak dioenez, Nafarroa izan zen Menpekotasun Legeak finkaturiko gizarte zerbitzuen legea onartu zuen lehenbiziko erkidegoa. Nafarroako legea estatuarena baino zabalagoa da, menpekotasuna onartzen zaien pertsonak ez ezik, gizarte zerbitzuen gainerako erabiltzaileak kontuan hartzen baititu.

2007an onarturiko legeak zazpi urteko epea aurreikusia du bertan finkaturiko eskubideak osorik betetzeko. Horrela, iazko amaiera arte menpekotasun handiko biztanleen zerbitzuak baizik ez ziren bermatzen. Aurten hain menpekotasun handia ez dutenen eskubideak eregauzatzen hasiko dira. Eta, esan bezala, menpeko guztien eskubideak 2014an gauzatuko dira. Legea betetzeak administrazioetako gizarte zerbitzuen antolakuntza aldatzera behartzen du. Bestalde, honek guztiak krisi garai honetan ondorio ekonomikoak ditu.

Comptos Ganberak emaniko datuen arabera, 30.000tik gora eskaera jaso ziren 2007-2010 epean menpekotasun-aitorpena lortzeko, eta 29.000 espedienteren gaineko erabakia hartu da. 24.000 laguni aitortu zaie menpekotasuna, beti ere maila eta gradu ezberdinekin. Horietako 13.100 lagun legeak aurreikusitako zerbitzuak edo dirua jasotzen ari dira: %63 zerbitzuak (zahar-etxe, zaintza, bidaiak…) eta besteak dirua.

Txostenak dioenez, Gobernua betetzen ari da menpekoen laguntzak emateko finkatu zen epea: 11 hilabete.

Aurrekontu-datuen arabera, Nafarroak 120 milioi gastatzen ditu menpekotasunari aurre egiteko. Diru gehien sortzen duten zerbitzuak honakoak dira: zahar-etxeak, familiendako laguntzak, garraioa eta larrialdietarako telefonoa.

Menpekotasunaren finantzabidea hirukoitza da: Estatua, Nafarroako Gobernua eta onuraduna. Azken bi urteotan, Nafarroako Gobernuak ordaindu du zati nagusia. Estatuak %18 baizik ez du pagatu. Administrazioek jartzen duten dirutzaren arteko aldearen arrazoia bikoitza da: batetik, Estatuak finkaturiko moduluak benetako kostuaren azpitik daudela; eta, bestalde, Estatuak aurrekontuan onarturikoa ez dela aski finantzatu nahi denari aurre egiteko.

Txostenak bi aholku nagusi egin dizkio Nafarroako Gobernuari: kudeaketa prozedurak hobetzen segi dezala, eta kostuen gaineko azterketa amai dezala. Bestalde, Comptos Ganberaren aburuz menpekotasunari loturiko gastu eta diru-sarrera guztiak kontu berezi batean sartu beharko lirateke, horrek legeak Nafarroako kontuetan duen eragina argituko lukeelako.