Skip to main content

ASOCEX

2006/10 Nafarroako Gobernuak Humanismo y Democracia fundazioari emaniko dirulaguntzei buruzko txostena (2000-2005)

Argitalpen data

Nafarroako Comptos Ganberak Gobernuak Humanismo y Democracia Fundazioari 2000-2005 epean emaniko diru-laguntzei buruzko txostena kaleratu du. Txostena Nafarroako Parlamentuak eskatu zuen, Ezker Batuak eginiko eskaeraren ondorioz.

Txostenak dioenez, Humanismo y Democracia Fundazioa 1978an sortu zen honako helburu hauek bultzatzeko: gizarte gaiei buruzko ikerketak, nazioarteko lankidetza, Europaren balioak, kristau-demokraziaren ideiak eta gizarte zerbitzu eta ekintzak, batez ere pobreenen aldekoak.

Fundazioak jasotako dirulaguntzak Ongizate Departamentuak nazioarteko garapenerako urtero ateratzen duen deialdiaren barnean daude. Kudeaketa Nazioarteko Kooperazio Zerbitzuaren esku dago.

Txostenaren helburuak honakoak dira: fundazioak azken bost urteotan jaso dituen dirulaguntzak zehaztea, laguntzen justifikazioa egokia izan den ala ez esatea eta Gobernuaren barne kontrol sistemari buruzko iritzia ematea.

Comptos Ganberak fundazioak 2000tik 2004ra jasotako laguntzak aztertu ditu, iaz ez baitzuen laguntzarik eskatu. Txostenak emaniko datuen arabera, fundazioak 15 dirulaguntza jaso zituen lau urteotan. Gobernuak, guztira, bi milioi euroko laguntza onartu zuen baina fundazioak 1,1 milioi kobratu zuen.

Diruz lagundutako proiektuen helburuak honakoak ziren, besteak beste: etxeak eta lanbide eskolen eraikuntza, zuzendaritza eta kudeaketarako ikastaroak, botikak bidaltzeko proiektuak, osasun arloko profesionalen formazioa eta kaltetuentzako laguntza. Proiektuak Perun, Brasilen, Kosovon, Iraken, Bolivian eta Dominikar Errepublikan bultzatu nahi ziren. Laguntzak proiektuen kostuaren %60 dira.

Gobernuak emaniko dirulaguntzen aztertze prozesuan, nafar administrazioko goi kargu baten eta bi funtzionariok kobratu beharreko fakturak aurkitu zituen. Fakturak Dominikar Errepublikako proiektu bati zegozkion, eta hirurak aholkulari agertzen ziren dokumentazioan. Horren ondorioz, Gobernuak dirua itzultzeko eskatu zion fundazioari eta fiskaltzaren esku utzi zuen gaia, horren atzean hiru delitu izan zitezkeelako: ogasun publikoaren aurkakoa, eroskeria eta dokumentuak faltsutzea.

Fundazioak jasotako 1,19 milioitik 1,09 justifikatu du, baina Gobernuak lau proiekturi dagozkion 570.000 eurotan irregulartasunak aurkitu ditu: osasun tekniketako profesionalendako formazio programa, ospitaletako kudeaketa eta garapen iraunkorra (Dominikar Errepublika); Osasun arloko profesionalendako formazio eta laguntza teknikoa (Bolivia); Ospitaletako kudeaketa sistemen hobekuntza (Dominikar Errepublika); eta osasun larrialdietako plan osoa (La Paz, Bolivia).

Nafarroako Gobernuak espedienteak fiskaltzaren esku uzteaz gain, diruaren itzulpena eskatu du. Perun egin beharreko beste proiektu bat (Goi zuzendaritzako kudeaketa ikastaroa) etzen burutu eta fundazioak dirua itzuli zuen, Gobernuak eginiko eskariaren ondorioz. Azkenik, Gobernuak ez du oraindik aztertu Dominikar Errepublikan egin beharreko beste proiektu bati emaniko 91.000 dirulaguntza.

Gobernuaren barne kontrolari dagokionez, dokumentazioa berandu aztertzen dela dio txostenak, eta dokumentazioa atzerapenez aztertzeak kontrola ahuldu egiten duela. Aipatzekoa da Gobernuak proiektuen gaineko kontrola in situ ere egin lezakeela, baina Humanismo y Democraciari emaniko dirulaguntzetan ez du horrelakorik egin.

Comptos Ganberak dioenez, Humanismo y Democrazia Fundazioak Bolivian egiteko aurkeztu zituen bi proiektu Nafarroako Gobernuko funtzionarioek eginiko lanetan oinarritu ziren. Funtzionario horiek proiektuen betetze-prozesuan ere parte hartu dute.

Comptos Ganberak azpimarratzen duenez, Gobernuak neurri egokiak hartu behar ditu txostenak salaturikoa berriro gerta ez dadin, are gehiago dirulaguntzen helburua pobreen bizimodua hobetzea dela kontuan hartzen badugu. Txostenak nazioarteko kooperazio proiektuetarako laguntzak hobeki kontrolatu behar direla nabarmentzen du. Halaber, dirulaguntza hauek arautegi berezia behar dutela dio Comptos Ganberaren txostenak.